Jexux Mari Irazu: «Adimen artifiziala bertsolaritzan integratu beharko da»
- "Bertsolaritza Adimen Artifizialaren Aroan" ikerketa lana egin du Jexux Mari Irazu bertsoa.eus-eko arduradun eta bertsolariak. Gaiak bete-betean eragingo dio bertsolaritzari ere, eta ardura horretatik garatu du HUHEZIko Euskal Kulturaren Eragiletzan master bukaerako lana
Adimen Artifizialaren aroan gaude. Badator ez, etorri da. Adimen Artifiziala da Youtuben zer ikusi proposatzen diguna, BERRIAn artikuluei ahotsa jartzen diena, autoko GPSan bide bat edo bestea hartu proposatzen diguna... Eta bertsolaritzan zer leku du? Eta bertsoak AAn? Dagoeneko gai da bertsoak transkribatzeko. Eta, trebatuz gero, hori zein beste hamaika gauza egiteko gai izango da. Gaiak zirika egiten zion Jexux Mari Irazuri eta ikertzea erabaki du; baina geroz eta ardura gehiagoz bizi du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ere, eta horren urrutikoa zaigun baina gertu daukagun gaiaz gogoetatzeko lan saioa antolatu genuen martxoaren 29an Amasa-Villabonako Subijanan etxean.
Adimen artifiziala (AA) eta bertsoa. Bi mutur dirudite, baina uste baino gertuago daude...
Bertsoa eta bertsolaritza balizko mutur askotatik daude gertu, loturak egiten asmatuz gero. Kasu honetan, adimen artifiziala gainera etorri zaigu, baita bertsolaritzan ere. Adituen ustez, 10-15 urteko perspektiban jarrita, bertsolaritzan ere oinarrizkoak diren lan prozesuak, zabalkundea edo transmisioa neurri batean behintzat AAren bidez egingo dira. Horrez gain, AA oso presente dagoen testuinguruan garatuko da bertsolaritza ere, gazte eta ez hain gazteengan. Epe ertainera, ia ezin bestean, AA bertsolaritzan integratzea tokatuko da. Ona baliatu eta txarraren kalteak minimizatu beharko ditugulakoan nago.


