"L'Histoire de Souleymane" filmak lortu du Ikusleen Saria Giza Eskubideen 22. Zinemaldian
Boris Lojkinek zuzendutako L'Histoire de Souleymane (Frantzia, 2024) filmak lortu du Film Luze Onenaren Publikoaren Saria Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian, gaur gauean Victoria Eugenia Antzokian amaituko dena.
Luciana Kaplanen Tratado de invisibilidadek (Mexiko, 2024) jaso du Film Luze Onenaren Amnesty International Saria. 2010etik, AIk izendatutako epaimahai batek ematen du sari hau. Epaimahaiaren iritziz, "filmak agerian uzten du, zorroztasun estetikoarekin eta maila zinematografiko handiarekin, emakume horien esplotazioa eta egoera horrek eragiten duen eskubide-urraketa".
Ione Ituarte kultur ekitaldien ekoizleak, Kristina Zorita kazetari eta zinemagileak, eta Miguel Ángel Ramos, Javier Maura eta Itziar Zeberio Amnesty Internationaleko ordezkariek osatutako epaimahaiak aipamen berezia Waves (Vlny, 2024) filmari ematea erabaki du ere, Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako koprodukzio honek "Pragako Udaberrian adierazpen-askatasunaren aldeko borrokari heldu diolako, gaur egun ere mehatxupean dagoen eskubideari, alegia".


