Herri musika tresnen artisauak, aurtengo "Atzokoak gaur" programaren ardatza
San Telmo Museoak antolatzen duen "Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak" egitasmoak herri musika tresnen artisautza izango du ardatz aurten. Ofizioa ezagutarazi eta musika-tresnen biziraupenean eta garapenean egindako ekarpenak erakutsiko ditu, baita tresna horien eraikuntza prozesuak ere.
Programak musika-tresna ezberdinetan eta horien egileetan jarriko du fokua: txistua, xirula, alboka, dultzaina, txalaparta eta perkusio instrumentuak. Gaurtik ekainaren 19ra arte Atzokoak gaur: Herri musikaren artisauak erakusketa izango da Laborategia aretoan, doako sarrerarekin.
Laborategiko erakusketaz gain, Aste Santuko oporraldian, apirilaren 11tik 27ra, klaustroan erakusketaren lagin bat egongo da baita artisau hauen tailer baten errepresentazio bat ere, hainbat lanabes eta piezarekin. Hain zuzen, bertan artisauek erakustaldiak egingo dituzte. Klaustrorako sarrera museoko sarrera orokorrarekin izago da.


