Tabakalerak Situ-akzioak proiektuaren "birika bezain elastikoa" erakusketa inauguratu du
Tabakalerak gaur inauguratu du Situ-akzioak proiektuaren erakusketa berria, Anna Irina Russell artistak sortua. Erakusketak birika bezain elastikoa du izenburua eta IPI Karmengo Ama eta Herrera Ikastetxeen lankidetza izan du, baita sortze-prozesuan lagundu duten familia-talde batena ere.
Erakusketak espazio bigun eta porotsu batean barneratzeko aukera ematen dio bisitariari. Espazio horrek organismo latente baten moduan jokatzen du, eta aldatu egiten da bertaratzen direnen presentziarekin eta mugimenduarekin. Esperientzia haurrei zuzenduta dago bereziki, baina adin tarte guztietako pertsonek gozatzeko pentsatuta dago: jolasteko, zentzumenak aktibatzeko, ikasteko eta artearen arloan esperimentatzeko.
birika bezain elastikoak airea erabiltzen du osagai nagusitzat. Askotariko egitura puzgarriak baliatuta, artistak esplorazio kolektibo batera gonbidatzen du publikoa. Gorputzak zabaldu eta uzkurtu egiten den organismo horretan barneratzen dira, jolasaren eta irudimenaren bidez esanahi berriak sortzeko. Animalia batzuek komunikatzeko edo babesteko dituzten estrategiak ?mintzak puztea, esaterako? hartu ditu Anna Irina Russellek erreferentzia gisa, eta zalantzan jartzen ditu ahozkotasunaz haraindiko komunikazio-eredu tradizionalak.
Anna Irina Russellek material bigunetatik eta mintz puzgarrietatik abiatuta garatzen du bere lana, animalien komunikazio-estrategietan inspiratzen da, eta parte-hartze aktiboa sustatzen du bere instalazioen bidez.


