Bilboko Udalak lau milioi euro inbertituko ditu Pabellón 6 eraitsi eta berreraikitzeko, eta proiektu horrekin amaituko da udal antzokia, Zorrotzaurren bi egoitza edukiko dituena
- Eraikinaren egoera dela-eta, ezinezkoa da zaharberritzea eta aprobetxatzea
- Proiektuak antzoki berri bat eraikitzea proposatzen du –228 eserlekurako edukierarekin–, egungoaren jatorrizko bolumetriara egokituta, eta lehendik dagoen bolumenari beste bat erantsita
- Aurreikuspenen arabera, Gobernu Batzarrak laster onartuko ditu egikaritze-proiektua eta hura gauzatzeko aurrekontu-partida.Obrak adjudikatu eta hasi ondoren, urtebeteko epean amaituko direla kalkulatzen da
Bilboko Udalak proiektu bat diseinatu du, Pabellón 6 berreraikitzeko, eta antzerkiari eta dantzari lotutako eraikin moderno eta iraunkor bihurtzeko.Izan ere, pabiloi mugakidearekin –Garabiarekin– gertatu zen bezala, egungo higiezinaren egiturazko egoerak ezinezko egiten du hura zaharberritzea eta aprobetxatzea. Beraz, udal-planak eraikina berriro eraikitzea eskatzen du.
Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu dituzte, gaur goizean, etorkizuneko udal-azpiegitura honen inguruko xehetasunak. Haiekin batera, Ramón Barea aktore, zuzendari eta Pabellón 6-en sustatzaileak prentsaurrekoan parte hartu du.
Korporazioko kideek azaldu dutenez, "Garabiaren eraikuntza-lanak erritmo onean doaz. Garabia eta Pabellón 6 Zorrotzaurren eta Zorrotzaurretik arte eszenikoen erreferente bilakatuko den udal-kultur gune baten parte dira".
Bi eraikinak bi nabe paralelok osatutako industria-pabiloi zahar baten parte ziren. Instalazio horrek hainbat egokitzapen, aldaketa eta konponketa jasan ditu urteetan zehar. Orain, "trakzio-elementu eta kultura-motor gisa finkatzeko behar dituen eraikuntza- eta ekipamendu-berme guztiekin egokitzen ari da".
Ekipamendu horiek uhartearen hegoaldean daude, Deustuibarraren eta Eugenio Olabarrieta plazaren artean.
Udalaren titulartasunekoak dira biak, eta udalak mantendu behar ditu. Hala ere, "Pabellón 6" Arte Eszenikoen Sortzaile Elkartea eta bere Gazte Konpainia arduratu dira haien kudeaketaz, eta hala izaten jarraituko du.
Udalaren aurreikuspenen arabera, Garabia eta Pabellón 6 eraikinen obrak ondoz ondoko bi fasetan egiten ari dira, hartara, birgaitze-lanak egiten diren bitartean, ahal den neurrian, kultura-jarduera eteteko beharrik egon ez dadin.
Lehen faseko obrak, hau da, Garabiaren –Pabellón 6en konpainia gaztearen agertokiaren– eraberritze integralekoak, 2024ko azaroan hasi ziren, eta uda honen amaieran bukatzea aurreikusten da. Garabia berria martxan eta ekipatuta dagoenean, Pabellón 6en lanen txanda iritsiko da, une horretarako lizitazio-izapide betean egongo dena.
Zehazki, Pabellón 6-en proiektua laster onartuko da Gobernu Batzarrean. Lizitazioa 4.153.305,04 eurokoa izango da. Obra adjudikatu ondoren, lanek hamabi hilabete irautea aurreikusten da.




