ETSk erronka are handiagoa iragarri du: "Bihotzen Konkista" kontzertu erraldoia Madrilgo Movistar Arenan, 2026ko apirilaren 25ean

  • ETSk erronka are handiagoa iragarri du:

  • Taldearen 20. urteurrena ospatzeko, BEC hiru egunez lepo bete ostean, beste gertakari historiko batekin itzuliko da En Tol Sarmiento
  • Aurresalmenta martxoaren 24an hasiko da, astelehenean, eta salmenta orokorra martxoaren 26an, asteazkenean, 10:00etan

Euskal musikan mugarri izaten ari den En Tol Sarmiento edo ETS taldeak historia egiten jarraituko du. Asteburu ahaztezin honetan, Bizkaia Arena (BEC) aretoa mukuru bete dute 45.000 lagunek, hiru egunetan; horrekin aski ez, eta, orain, beste koska bat gora egingo du ETSk: "Bihotzen Konkista" iragarri dute, kontzertu handi bat Madrilen, Movistar Arena aretoan, 2026ko apirilaren 25ean.

Plataforma digitaletan erreprodukzio gehien dituen eta komunitate gero eta handigoa duen euskal taldea izanik, erronka kolektibo bat planteatzera dator orain ETS: euskal musikaren eta euskal kulturaren 16.000 zalerekin Movistar Arena betetzea.

"Bihotzen Konkista" kontzertu bat baino askoz gehiago izango da. ETSk herriko jaietako espiritua eraman nahi du Madrilera, bandaren ibilbidea definitu duen zuzeneko musikaren funtsa, hain zuzen. Horregatik, askotariko parte-hartzaileak igoko dira oholtza gainera, hala nola bertsolariak, abesbatzak, txarangak, euskal dantza-taldeak eta kolaborazio bereziak, guztien artean euskal kulturaren eta nortasunaren ospakizun handia egiteko Estatuan.

Hori da ETSk bere publikoari egiten dion erronka: sekula ikusi gabeko abentura honi elkarrekin ekitea eta Madrilgo kontzertua ekitaldi errepikaezin bihurtzea. Gainera, euskararen presentzia agertoki berrietan indartzeko aukera historikoa ere bada, euskarazko musikak mugak gainditu eta areto handiak bete ditzakeela frogatuta.

ETSkoen hitzetan: "Gure mugetatik haratago historia egiteko unea da. Gure herrietako jaiak Madrilera eramatea eta aretoa betetzea sekulako erronka da, baina badakigu gure publikoak harrituta utziko gaituela, beti bezala. Zorionekoak gara bihotzen konkista honetan aitzindari garelako. Garena ospatzeko eta etxean duguna are gehiago baloratzeko bidaia kolektiboa izango da. Ahaztezina izango da".

ETSren "Bihotzen Konkista" ikuskizuna 2026ko apirilaren 25ean izango da, Madrilgo Movistar Arena aretoan, eta ekitaldi horretarako sarreren aurre-salmenta martxoaren 24an hasiko da, astelehenarekin, 10:00etan. Aurresalmentan izena emateko, esteka honetan erregistratu behar da. Salmenta orokorra, berriz, martxoaren 26an hasiko da, asteazkenarekin, 10:00etan, lasttour.org webgunean.

Last Tour

  • DataMartxoak 21
  • Gaia Musika