Donostiako 60. Jazzaldiak Keler Guneko programazioa aurkeztu du
- 8 kontzertu dohainik: Jamie Cullum, The War and Treaty, Anari, EXTC, Judith Hill, Crystal Murray, Bulego eta Sidonie
Zurriolako hondartzan, Keler Gunea izango da Jazzaldiko gunerik heterogeneo eta jendetsuena. Uztailaren 23tik 26ra, zortzi kontzertu eskainiko dira dohainik. Talde eta artista euskaldunak, britainiarrak, estatubatuarrak, katalanak, frantziarrak arituko dira bertan, eta askotariko estiloak entzungo dira, jazz, rock, soul, country, blues, pop eta R&B tartean.
Uztailaren 23an (asteazkena) hasiko gara iluntzean, Jamie Cullumekin. 60. Jazzaldi honetan eskainiko dituen kontzertuetako bigarrena izango da, baita aukera paregabea ere musikari britainiarra doan ikusteko, bere alaitasun kutsakorrarekin, eta alde guztietatik darion energia sinpatiarekin. Ondoren, Donostian lehen aldiz, The War & Treaty bikotea izango dugu, Trotter senar-emazteek osatua. Beren ahots ahalmentsu eta gospel eta country fusioarekin, Estatu Batuetan izaten ari diren arrakastaren berri emango digute, inolako zalantzarik gabe.


