Tennessee Williamsen "Kristalezko zooa" produkzio propioa, Natalia Menendezek zuzendutakoa, aurkezteko lanak azkentzen ari da Arriaga Antzokia
- Arriaga Antzokiak obraren bi bertsio produzitu eta oholtzaratuko ditu, bata euskaraz, Kristalezko zooa, martxoaren 21etik 23ra estreinatuko dena, eta bestea gaztelaniaz, El zoo de cristal, apirilaren 3tik 6ra ikusi ahalko dena
- Natalia Menéndez, muntaketa zuzentzeaz gain, Tennessee Williamsen maisulana egokitzeaz arduratu da; euskarazko bertsioaz, aldiz, Kepa Errasti arduratu da
- Antzeztaldea berbera da bi bertsioetan, eta Mikel Losadak, Ione Irazabalek, Arnatz Puertasek eta Miren Gaztañagak osatzen dute
Oso gutxi falta da publikoak Arriaga zigilua duen antzerki-produkzio berriaz gozatzeko. Oraingo honetan, Arriaga Antzokiak maisulan baten aldeko apustua egin du, Tennessee Williamsen klasiko bat hautatuz: Kristalezko zooa. Egokitzapena Natalia Menendezek egin du eta bera arduratuko da muntaketaren zuzendaritzaz ere.
Menendezek buru-belarri dihardu antzezlanaren entseguetan, Mikel Losada, Ione Irazabal, Arnatz Puertas eta Miren Gaztañagak osatzen duten antzeztalde bikainarekin. Bi aste pasatxo barru, martxoaren 21etik 23ra, lau antzezle horiek Arriaga Antzokiko agertokira igoko dira Kristalezko zooa, Kepa Errastik egindako euskarazko bertsioaren estreinaldia egiteko. Izan ere, proiektuak eskaintzen duen alderdi erakargarrietako bat, hain zuzen, klasiko handi bat euskaraz ikusteko aukera da, ez baita oso ohikoa. Izan ere, Tennessee Williamsen lan honek aurrekari gutxi ditu euskaraz.
El zoo de cristal gaztelaniazko bertsioaren estreinaldia bi aste geroago izango da, apirilaren 3tik 6ra, eta antzezle berberak izango ditu.


