Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioa bultzatu dute
- Hiru ikertzaileri 3.500 euroko dirulaguntza bana eta bi astez Euskadiko Filmategian lan egiteko espazioa emango zaizkie
- Proiektua aurkezteko epea, datorren ostiralean, martxoaren 7an hasiko da eta apirilaren 22ra arte egongo da zabalik
Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioa bultzatu dute Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren babesarekin. Programa honen helburua Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa bultzatzea da. Horretarako, Zinemaldiaren artxibo historikoa iturri nagusitzat hartuko duten testu argitaragabeak sortu beharko dituzte hautagaiek, zinema-jaialdiaren iragana berrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etengabeko elkarrizketari bide emateko.
Beka-programaren azken xedea da hiru ikerketa-artikulu argitaragabe sortzea. Era berean, programan parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lan horiek. Zinemaldiak artikuluak argitaratzeko laguntza emango du, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen arteko bitartekari gisa jardun.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, "beka hauek aukera paregabea dira Donostia Zinemaldiaren historian sakontzeko, eta Gipuzkoako kultura-ondarearen ikerketa eta zabalkundea sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du. Zehazki, testu horiek ikertzen eta ekoizten lagunduz zinema-jaialdiaren iraganaz eta gaurko kultura zinematografikoan izan duen eta duen eraginaz gehiago jakitea lortuko dugu".
Beka eska dezakete Gipuzkoan jaio edo/eta bizi diren pertsonek eta Estatuko gainerako lekuetan jaio edo/eta bizi direnek –gutxienez, bi urtez–. Gaia, metodologia eta ikerketa-iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta asmo-gutun bat eta curriculum vitaea atxiki. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira. Han daude, halaber, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.
Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea datorren ostiralean, martxoaren 7an hasiko da eta irekita egongo da 2025eko apirilaren 22ra arte. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean jakinaraziko dira eta egonaldia uztailaren 7tik 18ra egingo da.
- DataMartxoak 3
- Gaia Ikus-entzunezkoa, Artxibategiak eta Liburutegiak, Ondarea


