Rekalde Aretoak Juan Carlos Eguillorren "Laberinto" erakusketa zabaldu du, artista polifazetikoaren obran zeharreko bidaia bat
- Erakusketa 2025eko irailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da, eta bertan erakusgai dago Eguillorren ekoizpen handiaren parte diren ia mila piezaren sorta aparta. Marrazki, komiki, ilustrazio eta bideoak daude piezen artean, zeinek omentzen baitute haren begirada "samurra, eszeptikoa eta krudela". Inaugurazio-ekitaldia gaur izango da, 19:00etan
Bizkaiko Foru Aldundiko Rekalde Aretoak Laberinto erakusketa zabaldu du gaur. Juan Carlos Eguillor artista bilbotarraren lanaren erakusketarik osoenetako bat da. Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatuak erakusketa berria aurkeztu du, Garikoitz Fraga Angoitia komisarioarekin batera, hura arduratu baita erakusketa osatzen duten piezen ikerketa eta hautaketa koordinatzeaz.
Diputatuak azaldu duenez "Laberinto erakusketak omenaldia egiten dio Juan Carlos Eguillor euskal artista nabarmenari, haren lana funtsezkoa izan baita arte garaikidearen garapenean. Erakusketa honek ia mila pieza batzen ditu, bere obrari buruzko ikerketa lan sakona egiten den lehen aldia da, bere ibilbidearen ikuspegi osoa eskaintzeko aukera ematen diguna. Garikoitz Fragak egindako ikerketa lan ikaragarriari esker egin ahal izan da. Rekalde Aretoan lehenago erakutsi ez diren piezak ikusi daitezke. Laberinto aukera paregabea da Juan Carlos Eguillor-en lana ezagutzen ez zutenek orain bere talentu izugarria deskubritu ahal izateko".
Editore eta Eguillorren obran aditu den Garikoitz Fragak, berriz, nabarmendu du garrantzitsua dela galdutako piezak berreskuratzea eta artistak bere ibilbidean zehar utzi zituen marrazki eta koaderno ugariak arakatzea.
Erakusketa irailaren 28ra arte egongo da irekita publikoarentzat. Proposamen honekin, Rekalde Aretoak hasiera emango dio erakusketa-programazio berriari, instalazioak nabarmen berritu eta Iparragirre kaleko 21ean beste sarrera ireki ondoren.
Laberinto erakusketak Juan Carlos Eguillorren (1947-2011) ia mila lanen sorta handia batzen du. Diziplina ugari landu zituen ibilbidean zehar sortzaile polifazetiko horrek (komikitik bideo-artera). Erakusketan ikusgai daude marrazkiak, komikiak, kartelak, argitalpenak, artikuluak eta bideoak, artistaren ekoizpenaren panorama paregabea eskaintzen delarik. Eguillor ironia eta estilo ikonoklastagatik nabarmendu zen, eta ezaguna da, besteak beste, Mari Aguirre, Miss Martiartu edo Abuelita izeneko pertsonaiengatik. Haien errepresentazioa pieza ospetsuenetan eta ezagunenetan ikus daiteke. Baina, haren lanaren alderdirik ezezagunena eta pribatuena ere erakusten da, haren obsesio pertsonalak eta munduari buruz zuen ikuspegia islatzen dituzten piezekin.


