Montehermosok 2025eko sorkuntza artistiko garaikideko proiektuak ekoizteko laguntzetarako deialdiaren epea ireki du
- Interesdunek apirilaren 11ra arteko epea izango dute proposamenak bidaltzeko eta 2026an Kulturunean erakusketa egiteko eta laguntza jasotzeko hautatutako proiektuak lau izango dira
- Deialdiaren oinarriak gaurtik aurrera kontsulta daitezke Montehermosoko eta Udaleko webguneetan
Montehermoso Kulturuneko sorkuntza artistiko garaikideko proiektuak ekoizteko laguntzen deialdia bueltan da. Proposamenak gaurtik apirilaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira Hiritarren Arretarako Bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Oinarriak ikusgai daude Montehermosoren webgunean eta Udalaren webgunean.
Aurreko edizioetan bezalaxe, jasotako proiektu guztien artean, 4 aukeratuko dira eta bakoitzak 7.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du ekoizpenerako. Gainera, Kulturuneko bitarteko teknikoak eta giza baliabideak izango dituzte erabilgarri 2026an zehar gune horretan erakusketa egiteko. Bestalde, Kulturuneak erakusketa bakoitzaren katalogoa editatu eta prestatuko du.
"Sorkuntza babestea da Kultura Sailaren lerro estrategikoetako bat eta halaxe zehaztuta dago gure Plan Estrategiko berrian. Baina ez dugu soilik hala esaten eta ibilbide-orrian zehaztuta uzten. Hori beharrean, frogatu egiten dugu sorkuntza artistikoa bultzatuko duten deialdietarako aurrekontua handituta. Hauxe da, hain zuzen ere, horietako bat. Hala, aurtengo edizioan, laguntza proiektu bakoitzeko 7.000 eurokoa izango da eta, ondorioz, aurreko urteko datuekin alderatuta, igoera ia % 6koa izango da", adierazi du Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak.
Ireki berri den deialdi honen helburua da proiektu artistikoen ekoizpena, erakusketa eta hedapena sustatzea. Horien bidez, arte garaikidearen arloko hizkera eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horien inguruan gogoeta egingo da.
2024ko deialdia, 2025eko erakusketak
Uneotan, Montehermoso 2024ko deialdiaren baitan aukeratutako 4 proiektuak aurkezten eta erakusketa antolatzen ari da. Zehazki, 2025ean zehar, Kulturuneak erakusketa hauek antolatuko ditu: Metralla Zauriak, Verónica Domingo-Alonsorena (gaur egun, martxoaren 16ra arte, Ur Depositu Zaharrean dago); Camiseta flúor y bañador speedx, Maider Garayorena; La frágil piel del mundo, Ivan Gómezena; eta Persephone, Mar de Diosena.


