Bilboko Udalak Musika-Música jaialdiaren 24. edizioa aurkeztu du, martxoaren 7, 8 eta 9an egingo dena

  • Bilboko Udalak Musika-Música jaialdiaren 24. edizioa aurkeztu du, martxoaren 7, 8 eta 9an egingo dena

  • 2025ko edizioak "Emozioak" eragingo ditu, Beethoven, Vivaldi, Chopin, Dvorak, Strauss, Ravel, Bach, Telemann edo Haendel bezalako musikagileen soinua ekarriko duen programa batean, alaitasun, beldur, nostalgia edo itxaropen sentimenduak piztuz
  • Arriaga Antzokiak irekiera kontzertua hartuko du martxoaren 7an, ostirala, 19:00etan. Bertan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta Bilboko Koral Elkarteak Wagnerren "Holandar alderraia"ren obertura, Txaikovskiren "Zisneen aintzira"ren suitea eta Borodinen "Dantza polovanoak" joko dituzte
  • Bilboko musika klasikoaren Jaialdiak 70 emanaldi bilduko ditu hiru egunetan zehar eta 1.500 interpretek baino gehiagok parte hartuko dute Euskalduna Jauregiaren aretoetan

Bilbo MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren 24. ediziorako prestatzen ari da, izan ere, urtero hiriburua musika klasikoaren europar epizentroa bihurtzen da ekimen honekin. Bilboko Udalak antolatuta, eta "Musika eta emozioak" lelopean, 2025eko martxoaren 7tik 9ra egingo den edizio honetan, musikak sentimendu sakonak gogora ekartzeko duen gaitasuna aztertuko du. Guztira, 70 kontzertuko programa bat eskainiko da 1.500 interprete baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta Euskalduna Jauregira askotariko entzuleak erakartzeko diseinatuta.

Martxoaren 7an, ostirala, 19:00etan, Arriaga Antzokiak irekiera kontzertua hartuko du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearen eskutik, Erik Nielsenen zuzendaritzapean. Orkestrak Wagnerren "Holandar alderraia"ren obertura, Txaikovskiren "Zisneen aintzira"ren suitea eta, Koralarekin batera, Borodinen "Dantza polovanoak" interpretatuko ditu. Gainerako kontzertuak ere ostiralean bertan hasiko dira Euskalduna Jauregian.

Beethoven, Vivaldi, Chopin, Dvorak, Strauss, Ravel, Bach, Telemann edo Haendel konpositoreen obrek, besteak beste, emozioak ekarriko dituzte gogora musikaren bidez. Horrela, hainbat sentimendu eragingo dituzte, hala nola poza, beldurra, nostalgia edo itxaropena.

Juan Mari Aburto alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Begoña Escribano jaialdiaren zuzendariak, MUSIKA-MÚSICAren programazioa aurkeztu dute gaur, beste urte batez, Bilbo "musika klasikoaren Europako hiriburu" bihurtuko duen jaialdia. Zehaztu dutenez, edizio honek orkestra sinfonikoak eta ganbera-orkestrak, laukoteak eta hirukoteak bilduko ditu. Gainera, parte hartuko duten musikari guztiak nazioartean ezagunak dira. "Mota guztietako publikoa erakartzeko asmoarekin" sortutako programa da. Helburua, "bertako, kanpoko, sale, familiak eta musika klasikora hurbildu nahi dutenak erakartzea da", nabarmendu du Juan Mari Aburto alkateak. "Jaialdi hau Bilboko ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, hiria musika klasikoaren erreferente bihurtuz eta genero hau milaka pertsonengana hurbilduz".

Guztira, hiru egunetan zehar, geografiako hainbat tokitako 1.500 interpretek baino gehiagok arituko dira eszenatokietan, 70 emanaldi izango dituen programa berezi batean. "Jaialdia musika maratoi bat izango da. Kontzertu gehienek 45 minutuko iraupena izango dute, eta sarrerak prezio merkeetan egongo dira, denontzat eskuragarri. Gure helburua publikoak, bere gustu eta interesen arabera, egun berean musika proposamen ezberdinetara joateko aukera izatea da, ganbera kontzertuetatik hasita eta familia proposamenekin bukatuz", azaldu du Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Gonzalo Olabarriak. "Jaialdian arituko diren interpreteek kalitate artistiko altuena ekarriko dute MUSIKA-MÚSICAra", gehitu du Kulturako zinegotziak.

Jarraitu irakurtzen


  • Urtea2025
  • Gaia Musika