Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok Ixone Sádabaren "Escala 1:1" erakusketa aurkeztu du
(Ezkerretik eskuinera: Ixone Sádaba artista; Carles Guerra, erakuksketaren komisarioa; Ianire Anaya, Giroa - Veoliako Zuzendaritza Nagusiaren albokoa; eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia)
- Azkuna Zentroak ekoitzitako erakusketak artista bizkaitarrak Lemoizko zentral nuklearraren ondare material, sinboliko eta politikoari buruz egindako ikerketa fotografikoa zabaltzen du
- Ixone Sádabak Lemoizko 1:1 eskala propioa sartu du Alhondigaren barruan, Basordas Kalan eraikitako konplexuaren hormak eta bistak benetako tamainan berrosatzen dituzten proiekzioen bidez
- Erakusketak 70eko hamarkadan sortutako begiratokia erreproduzitzen du, zentralaren inguruan iragana, oraina eta etorkizuna ikusteko talaia bihurtuta
- Erakusketa apirilaren 27ra arte egongo da zabalik eta artistaren bisita gidatuak barne hartzen dituen jarduera-programa bat du
Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, 2025eko erakusketa-programa ireki du Ixone Sádaba artistaren Escala 1:1 proiektuarekin.
Gaur goizean egin den aurkezpenean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Ixone Sádaba artistak eta Carles Guerra erakusketaren komisarioak hartu dute parte. Aurkezpenean izan da, halaber, Ianire Anaya, Giroa – Veoliako Zuzendaritza Nagusiaren albokoa, Azkuna Zentroak proiektu honetan duen kidea.
Erakusketa Aretoan azaldu den bezala, Escala 1:1 Ixone Sádabak (Bilbo, 1977) Lemoizko zentral nuklearraren ondare material, sinboliko eta politikora hurbiltzeko egin duen argazki-ikerketaren emaitza da. “Lan-prozesua 2020an hasi zen, Leonardo Fundazioaren beka bat jaso nuenean, zentral nuklearraren egungo aurrien inguruko ikerketa artistiko bat egiteko”, azaldu du artistak.
Sekula abian jarri ez zuten konplexu haren hondarrek abandonu eta hondamen gupidagabearen zantzuak dituzte agerian. Desagertzeko zorian den hormigoizko eraikin izugarri handi honek bere historiaren geruza guztiak ditu nahasirik, baita bere osaera hondatua ikusita oraindik irudikatu daitekeen etorkizunarenak ere.
Carles Guerrak komisariatutako proiektu artistiko honek gonbit egiten du sarbide-politika berri bat irudikatzera, horrela, zentralaren xedea memoriari buruzko eztabaida publiko batera irekitzeko orainalditik. Ixone Sádabak lehengoratze-ariketa hau planteatzen du Lemoizko multzoa osatzen duten eraikuntzen zatiak benetako tamainan proiektatuz. Erakusketak argazki-hartuneen hainbat sekuentzia zabaltzen ditu, Basordas kalan 1971 eta 1982 bitartean eraikitako multzoaren hormak eta ikuspegiak berregiteko.
Proiektu artistiko honetan 1974an obrak bisitatzeko eraikitako begiratokiaren erreplika bat sartu da. Jatorriz, Lemoizko instalazioetara doan errepidetik gertu dagoen gainalde batean egon zen, baina orain erakusketaren “espazio nagusirako sarbidean altxatzen da, talaia gisakoa izan dadin, eta bertatik iragana, oraina eta etorkizuna ikusi ahal izateko”, nabarmendu du komisarioak.
Erakusketa gaur 19:00etan irekiko da. Aurretik, 18:00etan, Bastida Aretoan, Ixone Sádaba eta Carles Guerraren arteko solasaldia izango da, artistak garatutako proiektuaren inguruan.
Escala 1:1 erakusketak Giroa-Veoliaren babesa du, eta Ianire Anaya Zuzendaritza Nagusiko albokoak ere parte hartu du aurkezpenean.
Jarduera programa
Proiektuak jarduera-programa bat ere badu, eta inaugurazioaren aurreko arratsaldean Ixone Sádabak eta Carles Guerrak izandako elkarrizketa nabarmentzen da.
Erakusketako programa publikoaren barruan, Ixone Sábadaren ikerketan eta Carles Guerrak komisariatutako Escala 1:1 proiektuan ikusitako alderdi guztiak hitzetan jartzeko aukera emango duen solasaldi bat proposatzen da, baita horien adarrak ere. Parte-hartzaileen artean Iñaki Martinez de Albéniz soziologoa eta Julia Schulz-Dornburg arkitektoa, ikertzailea eta argazkilaria.
Halaber, sarrera-bisitak egingo dira ostegunero. Gainera, Ixone Sádabarekin erakusketa otsailaren 19an eta martxoaren 26an ikus daiteke. Programa osatzeko, eskolako jarduerak izango dira, hala nola Jose Ramon Ais artistarekin batera zentralak bizi duen herbarioaren inguruan eskainiko dituen tailerrak eta landareek argia energia bihurtzeko duten gaitasuna.
Ixone Sádaba
Artista eta ikertzailea da. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua, Madrilgo Antonio de Nebrija Unibertsitatean Zuzendaritza Artistikoari buruzko Masterra (2001) eta New Yorkeko Internacional Center of Photography-n Graduondokoa (2005) egin zituen.
Sádaba Moving Artists International erakundeko zuzendaria eta sortzaileetako bat da, eta beste erakunde batzuetako kidea, hala nola Teja eta On The Move erakundeetakoa, larrialdi-egoeretan praktika artistikoa babestuz.
2011ko belaunaldien saria eta 2012ko Sovereing Art Foundation Sariko finalista, besteak beste, Ixonek ikerketa eta kultur sorkuntzako BBVA Leonardo Beka ospetsua jaso du 2020an, eta Madrilgo Erkidegoaren Saria Estampa azokan, 2021ean. 2023an eta 2024an Erromako Espainiako Errege Akademian ikertzailea izan zen.
Ixonek Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Guggenheim Bilbao eta Torontoko MOCCA Contemporary Art Museum bezalako nazio eta nazioarteko erakundeetan egin ditu erakusketak. Bere lanak Guggenheim Bilbao, MNCARS, ARTIUM, MUSAC, Iberdrola edo BBKren bildumetan daude ikusgai, baita bilduma pribatu askotan ere.
Carles Guerra
Carles Guerra (Amposta, 1965) arte-kritikaria, irakaslea eta ikertzailea da. Kataluniako Udaberri Fotografikoaren zuzendaria izan da, La Virreina Centre de la Imatgeko zuzendaria, Museu d’Art Contemporani de Barcelonako (MACBA) kontserbatzaile burua eta, 2015 eta 2020 artean, Antoni Tàpies Fundazioko zuzendaria.
Jarduera egutegia
Otsailak 6, osteguna
18:00: Inaugurazio hitzaldia: Ixone Sádaba artistaren eta Carles Guerra erakusketaren komisarioaren arteko elkarrizketa. Bastida aretoa
19:00: Erakusketaren irekiera. Erakusketa Aretoa
Otsailaren 13tik apirilaren 24ra, ostegunero
18:30: Sarrera-bisitak
Otsailak 13, martxoak 20 eta apirilak 10, osteguna
11:00-13:00: Eskola tailerrak
Otsailak 19 eta martxoak 26, asteazkena
18:00: Bisita gidatuak erakusketara Ixone Sádabarekin
Elkarrizketa
Apirilak 2, asteazkena
Solasaldia Iñaki Martinez de Albéniz soziologoa eta Julia Schulz-Dornburg arkitektoa, ikertzailea eta argazkilariaren artean.


