"Ukitzeko Artea", Arte Ederren Bilboko Museoan
- Ukitzeko Artea programak ukipen-esperientzia bihurtuko du Victor Vasarelyren pinturaren ilusio optikoa. Hain zuzen ere, erronka horixe izango du, aurten, ikusmen-irisgarritasuneko programak, zeinak orain arteko 9 edizioetan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 66 ikastetxe eta 13.367 parte-hartzaile bildu dituen
2012. urtean martxan jarri zuten Iberdrolak eta museoak Ukitzeko Artea ikusmen-irisgarritasuneko programa, ukipen-esperientzia praktika museografikoaren barruan txertatzeko xedez. Helburu hori betetzeko, erliebean erreproduzitzen da bildumako artelanen sorta hautatu bat gailu baten bidez. Ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat berariaz diseinatutako ekimena da, eta, Bilboko museoaren esperientzia aitzindari hartuta, beren hezkuntza-programetan txeratu dute, besteak beste, Madrilgo Prado eta Thyssen museoek eta Moskuko Pushkinek ere.
Ukitzeko Artea programaren oinarria artelanen irudi digitalei erliebea atxikitzeko aukera ematen duen garapen teknologiko bat da, Bizkaiko Estudios Durero etxeak landua. Prozesuaren abiapuntua obraren bereizmen handiko argazki bat da. Argazki horretan, ikusmen-urritasuna duen pertsonaren eskuak gidatzeko baliagarri izango diren konposizio-elementu egokiak hautatzen dira. Jarraian, bolumenak eta testurak zehaztu ondoren, tinta berezi batez inprimatzen dira, eta berez lauak diren elementuei bolumena ematen zaie prozedura kimiko bat baliatuz. Gainazalean, obraren irudia inprimatzen da, eskalan, jatorrizko koloreekin eta ukimenaren bidez ñabardurak sumatzeko tamaina egokian.
Aurten, urrats bat aurrera egingo du proposamenak. Izan ere, panel berriaren bidez obra ez-figuratibo bat sartuko da, lehen aldiz, ibilbidean: Victor Vasarely pintorearen margolan ezagunenetako bat, konplexutasun handikoa, forma geometriko abstraktuei gehitzen zaizkielako irudi tridimentsionalaren efektuak.


