Miren Amuriza: «Zirkunstantziak deskribatzeak ematen dio egiantzekotasuna kontakizunari»
- Berriztar idazleak "Pleibak", bere bigarren eleberria, argitaratu du Susa argitaletxearen eskutik, betiko iraungo zuela irudituagatik ere halako batean kraskatu zen laguntasun bati egindako autopsia zorrotza
Miren Amuriza bertsolari eta idazleak (Berriz, 1990) lau zutaberen gainean altxatu du "Pleibak" (Susa, 2024), bere bigarren eleberria: zikinak jandako hizkuntza batean, Joneren eta Pollyren arteko adiskidetasunaren sigi-saga eta bidegurutzeetan, paisaia "rural-poligonero" batean eta belaunaldi baten erretratuan bermatuta dago nobela.
Behinolako lagun urkoari "asaldura biszeral retroaktiboz" zuzentzen zaio Jone "Pleibak"en, abaila gorrian pasatzen den oroitzapen, gogoeta eta sentimenduen parrastada atergabe eta sarkorrean. Amurizak ahalegin eskerga eta eskergarria egin du eleberriko hizkuntza zikintzen, jarioa inoiz ez hausteko hitzak kontu handiz mamiz zamatzen, inoiz ere apurtu gabe, eta adierazkortasunaren gorazarrea den erregistroa lortu du Joneren ahotan.
Halaber, 2000ko hamarkadako nerabeen mundurako leiho bat ere zabaltzen du liburuak, Hemendik At!, idi uztarridun koadro bukolikoak, "Bertatik Bertara" eta arrano beltzak "El Diario de Patricia"rekin, Chenoaren posterrekin, a bilduekin eta Spice Girlsekin nahasten diren aro bat erakusteko.
Horretaz guztiaz eta gauza gehiagoz hitz egin du EITB.EUSek Amurizarekin.
Bigarren eleberria duzu "Pleibak", 2019an "Basa" argitaratu ondoren. Zer eragin izan du aurreko esperientzia hark eleberri berri honetan?
Idazketa prozesuari dagokionez, lehenengoan ez nekien zer zen liburu bat idaztea. Nahiko modu intuitibo eta desordenatuan egin nuen orduan aurrera, beraz: ahal izan nuen moduan. Bigarren honetan, beste era batera egin ahal izan dut banekielako, gutxi gorabehera, zer zen hau.
Eta argitaratu ondoren ere, berdin. Aurrekoan, sentsazioa nuen suak piztu ahala amatatzen nindoala nolabait, eta oraingoan azala apur bat gogortuago atera naiz, arnasa apur bat gehiagorekin: aurkezpenak eta elkarrizketak prestatu...


