Gutun Zuria Bilbao Letren Nazioarteko Jaialdiak edizio berriaren programazioa aurreratu du
-
Otsailaren 25etik martxoaren 1era Azkuna Zentroan egingo den Jaialdian, literatura garaikideko hogei bat erreferentek eta egungo narratibako ahots berriek hartuko dute parte
-
Itxaro Borda idazle euskaldunak eta Leila Guerriero kazetari argentinarrak jasoko dituzte BBK Gutun Zuria Bilbao Sariak
-
Gutun Zuria Bilbaorako sarrerak otsailaren 3an jarriko dira salgai
Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazioarteko Jaialdiaren 18. edizioaren programazioaren zati bat aurreratu du. Fikzioaren, poesiaren, saiakeraren edo nobelaren bidez hitzarekiko urteroko topagune gisa finkatua, literatura garaikidearen erreferenteek eta egungo narratibaren ahots berriek hartzen dute parte. Aurten otsailaren 25etik martxoaren 1era ospatuko da Zentroko hainbat guneetan.
Hitzaren adierazpen guztietan arreta jarrita, Gutun Zuria Jaialdi irekia izateagatik nabarmentzen da, izaera anitza eta zeharkakoa duelako, eta ez duelako ez hizkuntza-kuotarik, ez publiko-kuotarik, ez sormen-diziplinarik. Mugarik eta aukera mugarik gabeko lurralde gisa planteatzen da, hitza eta topaketa ardatz nagusi izanik, non euskal kulturak garrantzi nabarmena duen.
Izenak berak dioenez, jaialdi hau gutun zuri bat da, edizio bakoitzean berriz idazten dena. 2025ean, jaialdiak aurre egin nahi dio gizartean sumatzen den goibelaldiari, eta baikortasunera gerturatu nahi du, literatura, arte eta pentsamendu-arloko sorkuntzaren bidez. "Gizarteak begien aurrean du egiaren gainbehera, aukera utopikoak distopia bihurtzen dira, ondoeza handitu eta betikotu egiten da. Horren aurrean, jaialdi honek elkarrizketa hedatu eta konpartitu nahi du sortzaile garaikideekin, orainari eta etorkizunari beste modu batez begiratzeko", ziurtatu dute jaialdiaren antolatzaileek.
"Sorkuntzak berekin dakar berriarekiko konfiantza eta plazera, arakatu gabeko espazioen aurkikuntza, ziurtzat jotzen dena zalantzan jartzeko eta irtenbideak irudikatzeko gaitasuna", gogoratzen dute. "Ez dago ezer hoberik idazleen eta artisten hitzak eta irudiak baino, irudikatzeko grinaz blaitu eta beldurrik gabe aritzeko espazio zabal eta libreetan".
Testuinguru honetan kokatzen dira Jaialdiaren programa osatzen duten elkarrizketak, topaketak eta jardunaldi profesionalak. Hogei bat idazle, edizioko profesional, zinemagile, ikertzaile eta artistek parte hartzen dute, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko testuinguruan, eta horien aniztasunak egungo sormen-paisaia erakusten du.
Aurten, Jaialdiak Leila Guerriero aurkeztuko du, Latinoamerikako narrazio-kazetaritzaren firma handietako bat, Rodrigo Fresán kazetari eta idazle argentinarrarekin solasean. Era berean, publikoak Sabina Urraca, El celo (Alfaguara, 2024) lanaren egilea, eta Rosario Villajos, La educación física (Seix barral, 2023) 2023ko Biblioteca Breve Sariaren irabazlearen arteko topaketan parte hartzeko aukera izango du. Azpimarratzekoa da Carmen Estrada ikertzaile neurozientzialari eta filologoaren presentzia, Miguel Brievak (Malpaso, 2019) ilustratutako La Odisea lanaren itzulpenaren eta egokitzapenaren egilea.
Gainera, Itxaro Borda, euskarazko literaturaren berrikuntzan erreferentea, izango da aurten Lizar Begoña edo Miren Amuriza bezalako euskal idazleen kartelaren buru.
Lurraldearen defentsak Mª Angeles Fernandez eta Jairo Marcosen lanak lotzen ditu, testu eta argazkien bidez istorioak kontatzen esperientzia luzea duten freelance kazetarienak; eta Maddi Barber euskal zinemagilearekin hitz egingo dute hitzaldi batean, non, besteak beste, urtegi bat eraikitzeagatik etxeak utzi behar izan zituztenen Memorias ahogadas azaleratuko diren (Pepitas de Calabaza, 2024).
Gutun Zuria publiko guztientzat
Gutun Zuria publiko gaztearentzako jaialdia ere bada, kulturan ikaskuntza ez-formalak zabaltzeko kezka duena, sormen literarioaren prozesuak bertatik bertara ezagutuz, Miren Billelabeitia idazle eta Literatura Unibertsaleko eta Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakaslearekin, besteak beste.
Eta, jakina, kultura- eta liburu-industriaren publikoarengan ere pentsatzen du, Gutun Zuria +PRO programa zuzentzen baitzaio, liburuaren kateko hogeita hamar bat eragilek sektorearen erronkei aurten helduko dieten jardunaldi profesionalak. Pepitas de Calabaza eta Astiberri bezalako argitaletxeetatik zenbait idazleetaraino; ilustrazio munduko profesionalak, Arrate Rodríguez eta Onda Fosch kasu; Garcinuño, Agprograf eta Cosmos bezalako inprentak; No soy sibilia bezalako sare sozialetako eduki sortzaileak; edota jaialdi eta azoken antolatzaileak.
Gainera, edizioak presentzia espezifikoa du, eta, beraz, programan Azkuna Zentroak ekoitzitako azken argitalpenen aurkezpena nabarmentzen da, erresidentzian dauden sortzaileen lan artistikoa jaso eta zabaltzen baitute.
Jaialdirako sarrerak otsailaren 3an, astelehena, jarriko dira salgai web orri honetan: gutunzuria.azkunazentroa.eus.
Gutun Zuriaren jarduerak
Jaialdiak irauten duen egunetan, Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbaoko hainbat gune topagune bihurtuko dira jarduera, eskola-tailer, esku-hartze artistiko eta ikastaroetarako, hala nola Leila Guerrierok emango duen tailerra bezala, otsailaren 27an, ostegunean, bereziki kazetaritzako profesionalei eta ikasleei zuzenduta.
Jarduera artistiko horietako bat Juan Viedma eta Lucía Rabadán, fui.volvi.no.ofendi.a.nadie. kolektiboa osatzen dutenak, emango dutena izango da. Jaialdian zehar, Viedmak eta Rabadanek Azkuna Zentroan egingo den egoitza batean parte hartuko dute, eta, amaieran, ikusleentzako irakurketa performatibo bat egingo dute.
Hauen proposamenaren abiapuntua kointzidentzien zerrenda da, biek partekatzen duten ziurtasun batera hurbiltzeko aukera ematen diena, iturri plastiko eta literarioekin erkatuta. Ikuspegi honek lan partekatuaren garrantzia azpimarratzen du, non beste alderdia, beldurrez eta itxaropenez itxaroten eta ahalegintzen dena, lehen zatiko lanaren motorra baita.
BBK Gutun Zuria Bilbao Sariak
Literatur sorkuntzaren inguruko esparru honetan, BBK-k eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok 2022tik ematen dute ohorezko sari hau, euskal literaturaren eta nazioarteko literaturaren funtsezko eragileen sorkuntza-lana aintzatesteko, haien ibilbideagatik, lan jakin batengatik edo kultura-proiektu garrantzitsu bat egiteagatik.
Laugarren edizio honetan euskal makila tradizionala Itxaro Bordak (Baiona,1959) bere ibilbide oparoagatik eta euskal literaturari egindako ekarpenagatik; eta Leila Guerriero idazle argentinarrak, Latinoamerikako kazetaritza narratiboko firma handienetako bat, jasoko dute. Biek euskal makila tradizionala jasoko dute asteartean, otsailak 25, jaialdiaren inaugurazioan.
Gainera, arte eta literatur sorkuntzari buruzko topaketaren 18. edizioa ireki eta ixteko ardura dute. Leila Guerrierok Rodrigo Fresan idazle, itzultzaile eta kazetari argentinarrarekin hitz egingo du asteartean, otsailak 25. Bestalde, Itxaro Bordak itxiko du jaialdia martxoaren 1ean, larunbata.
Saria ohorezko makila ematean gauzatzen da. Euskal makila tradizionala da, eta pertsona batenganako errespetua eta aintzatespena erakusten ditu. Sariak, halaber, gutun zuri bat eskaintzen die saridunei, hurrengo ediziorako interesekoa duten proiektu baten sinboloa.
Itxaro Bordak eta Leila Guerrierok bat egin dute saria jaso duten idazle ospetsuen zerrendarekin: Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides (2022), Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garza (2023) eta Mariasun Landa eta Juan Mayorga (2024).
Gutun Zuria Bilbaok BBKren babesa du, EITBren laguntza eta Renfe eta Cafés Baquéren babesa; eta Radio 3, El Correo, Cadena Ser eta Deia ditu media partner gisa.


