Gema Lopez Las Herasek euskaratuko du "Barazkijalea" Han Kang Nobel saridunaren eleberria
- Jokin Zaitegi Nobel saridunak euskaratzeko lehiaketaren aurtengo irabazlea da Lopez Las Heras. "Barazkijalea" Han Kang idazle korearraren eleberria 2025 urte amaieran egongo da euskaraz irakurgai
Gema Lopez Las Herasek aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa.
Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osaturiko epaimahaiak hartu du erabaki hori. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendaturiko Han Kang idazle korearraren "Barazkijalea" eleberria euskaratu beharko du itzultzaileak, eta 2025 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.
Itzultzaileak Sora Ryu korear euskaldunaren laguntza izango du jatorrizko hizkuntzaren ezagutza eta itzulpenaren bermea ziurtatzeko.


