Dena prest Eibarko Antzerki Jardunaldien XLVIII. ediziorako
- 2025eko Antzerki Jardunaldiak otsailaren 25ean hasi, eta apirilaren 11n amaituko dira. Coliseoan, Hezkuntza Esparruan eta baita kalean ere, hogei konpainia baino gehiagoren lanak ikusi ahal izango dira Euskadiko erreferentzia kulturala den ekimen honetan
Otsailaren 25ean hasiko da Eibarko Antzerki Jardunaldi arrakastatsuen 48. edizioa, eta apirilaren 11n emango zaio amaiera. Jardunaldiak programa zabal batekin itzuliko dira Coliseo antzokira eta Hezkuntza Esparrura (lehengo Unibertsitate Laborala). Azken edizioan ia 8.000 lagun inguru bildu ziren; ondorioz, bete egin zen antolatzaileek ezarritako helburua, eta berriz ere frogatu zen kultur hitzordu honek Eibarko herriarentzat duen garrantzia.
Edizio berria gaur, hilak 28, aurkeztu dute Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kulturako zinegotziak, Mari Jose Tellería Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak eta Ana López Asensio Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustapeneko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak.
Jardunaldien inaugurazio-ekitaldian berriz ere izen handiko profesionalak izango ditugu. Otsailaren 25ean, 19:00etan, Toni Acostak eta Juan Carlos Rubiok hitz egingo dute Coliseo antzokian, eta Irene Hernando aktore eibartarrak egingo du aurkezpena. Antzerkiak egoera desberdinetara egokitzeko duen gaitasunari buruzkoa izango da solasaldia, eta Harremanak titulua izango du.


