Itxaro Bordak eta Leila Guerrierok jasoko dituzte 2025eko BBK Gutun Zuria Bilbao Sariak
- Otsailaren 25etik martxoaren 1era Azkuna Zentroan egingo den jaialdiak literatura garaikidearen bi erreferente sarituko ditu
- Itxaro Borda euskal idazlea aniztasunetik euskarazko literaturara egindako ekarpenagatik nabarmendu da
- Leila Guerriero kazetari argentinarra, Latinoamerikako kazetaritza narratiboko firma handienetako bat, sotilean murgiltzen da ezkutuan geratzen zaiguna argitzeko
BBK-k eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak BBK Gutun Zuria Bilbao Sariak emango dizkiete aurten Itxaro Borda eta Leila Guerriero idazleei, euskal eta nazioarteko literatura garaikidearen bi erreferente direnei. Aurten, otsailaren 25etik martxoaren 1era egingo da jaialdia.
Jaialdiak, irakurketaren begirada artistiko berriak eta artearen begirada literario berriak proposatzen dituen urteroko topaketak, Itxaro Borda (Baiona,1959) aintzatesten du bere ibilbide oparoagatik eta euskal literaturari egindako ekarpenagatik. Ibilbide luzea du ia literatura-genero guztietan —eleberria, ipuina, poesia—, eta nabarmentzekoa da gaien ekarpena eta aniztasunetik abiatutako ikuspegi berriak, hala nola LGTBIQ+ esparruarekin lotutakoak. Gainera, erreferentzia bat da euskarazko prosaren berrikuntzan. Euskal kulturaren kritikari 1980tik, literatur itzulpengintzan ere lan ugari egin ditu.
Makila emango zaio Leila Guerriero (Argentina, 1967) idazle argentinarrari, Latinoamerikako kazetaritza narratiboko firma handienetako bati. Prosa basati eta zehatz batekin, egilea sotiltasunean murgiltzen da, eguneroko errealitatea argitzeko duen harriduratik, gugan ezkutatuta dagoena argitzeko.
Biek euskal makila tradizionala jasoko dute asteartean, otsailak 25, jaialdiaren inaugurazioan. Gainera, arte eta literatur sorkuntzari buruzko topaketaren 18. edizioa ireki eta ixteko ardura dute. Leila Guerrierok Rodrigo Fresan idazle, itzultzaile eta kazetari argentinarrarekin hitz egingo du asteartean, otsailak 25. Bestalde, Itxaro Bordak itxiko du jaialdia martxoaren 1ean, larunbata.
Sormen-lanaren aintzatespena
BBK-k eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok 2022tik ematen dute ohorezko sari hau, euskal literaturaren eta nazioarteko literaturaren funtsezko eragileen sorkuntza-lana aintzatesteko, haien ibilbideagatik, lan jakin batengatik edo kultura-proiektu garrantzitsu bat egiteagatik.
Saria ohorezko makila ematean gauzatzen da. Euskal makila tradizionala da, eta pertsona batenganako errespetua eta aintzatespena erakusten ditu. Sariak, halaber, gutun zuri bat eskaintzen die saridunei, hurrengo ediziorako interesekoa duten proiektu baten sinboloa.
Itxaro Bordak eta Leila Guerrierok bat egin dute saria jaso duten idazle ospetsuen zerrendarekin: Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides (2022), Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garza (2023) eta Mariasun Landa eta Juan Mayorga (2024).
Gutun Zuria Bilbo, hitzaren inguruko topagunea
Gutun Zuria. Bilboko Letren Nazioarteko Jaldia hitzarekin urtero egiten den topagunea da, fikzioaren, poesiaren, saiakeraren edo nobelaren bidez, non literatura garaikideko erreferenteek eta egungo narratibako ahots berriek parte hartzen duten. Aurten, otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean izango da.
Jaialdi irekia da, izaera anitza eta zeharkakoa duelako, hizkuntza, publiko eta diziplina sortzaileen kuotarik gabea. Bertan, euskal kulturak garrantzi nabarmena du. Kultura garaikidean interesa duen publikoarentzako jaialdia, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko hogei idazle baino gehiago ezagutu eta haiekin partekatzeko gogoa du. Horien ugaritasunak egungo literatura-paisaia erakusten du.
Hala da, halaber, kulturari buruzko ikaskuntza ez-formalak zabaldu nahi dituzten eta literatura-sorkuntzako prozesuak lehen eskutik ezagutu nahi dituzten gazteentzat. Eta kultura- eta liburu-industriako publikoarentzat, liburuaren kateko hogeita hamar bat eragilek sektorearen erronkak aztertzen dituzten jardunaldi profesionalak zuzentzen baitzaizkio.
Itxaro Borda
Itxaro Bordak (Baiona, 1959) 1974an plazaratu zuen bere lehen poema Herria Iparraldeko astekarian. Geroztik ez da idaztetik eta publikatzetik gelditu. Literatura genero guziz gehienak landu ditu, eta une honetan, Berriako eguneroko Birak izkiriatzen dabil. Amaia Ezpeldoi dtektibe rural lesbianaren pertsonaia orraztu du sei liburukitan. Euskadi Saria ukan zuen 2002an %100 Basque (Susa) nobelari esker. Itzultzailea ere bada, hainbat kanpoko autoreren artean Maria Merçé Marçal euskarara ekarri zuen. Proiektu askotan parte hartzen du, azkenaldian Ibon RG-rekin edo Bordele aldeko Orchestre Maigreko musikari-poetekin batera.
Leila Guerriero
Leila Guerrierok (Junín, Buenos Aires, 1967) 1991n ekin zion kazetaritza-ibilbideari, erredaktore gisa, Argentinako Página/12 egunkariaren Página/30 aldizkarian. Geroztik, bere testuak Latinoamerikako eta Europako hedabide askotan agertu dira: La Nación eta Rolling Stone (Argentina), El País (Espainia), Piauí (Brasil), Gatopardo (Mexiko), L´Internazionale (Italia) eta Granta-n (Erresuma Batua), besteak beste.
Liburu hauen egilea da: Los suicidas del fin del mundo (Tusquets, 2004), Frutos extraños (2009, Aguilar, Alfaguara), Plano americano (2013, Ediciones Universidad Diego Portales; 2018, Anagrama), Una historia simple (2013, Anagrama), Zona de obras (2014, Círculo de Tiza, Anagrama), Opus Gelber (2019, Anagrama), Teoría de la gravedad (2019, Libros del Asteroide), La otra guerra (2021, Anagrama), La llamada (2024, Anagrama), La dificultad del fantasma (2024, Anagrama).
CEMEX-FNPI, González Ruano, Grand Prix Blue Metropolis, eta kazetaritza kultural eta politikoaren Manuel Vázquez Montalbán sariak jaso ditu. 2024an, La llamada liburuak Txileko Diego Portales Unibertsitatearen Emakumeak eta Hedabideak Katedraren Saria jaso zuen, baita Espainiako Narratibako Zenda Saria ere. Gatopardo aldizkariaren Latinoamerikarako editorea da. Ingelesera, frantsesera, alemanera, suedierara, portugesera, italierara, danierara, polonierara, grezierara eta txinerara itzuli dute bere lana.


