BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiak baieztatutako lehen artistak iragarri eta salgai jarri ditu bi eguneko bonuak
- ALAN PARSONS Live Project, LITA FORD, SAMANTHA FISH eta SEX MUSEUM dira baieztatutako lehenbiziko artistak BBK Bilbao Music Legends Festen zortzigarren ediziorako. Jaialdia Bilbao Arenan egingo da, 2025eko ekainaren 13an eta 14an
BBK Banku Fundazioak eta Bilboko Udalak babesten duten eta Dekker Eventsek antolatzen duen BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiak salgai ditu dagoeneko lehen bonuak. Kaleratze-promozioa urtarrilaren 31ra arte egongo da eskuragarri (egun hori barne), 95 euroko prezioan (+gastuak).
ALAN PARSONS da BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTen zortzigarren ediziorako baieztatutako lehenengo kartelburua. Musikaren ikono ospetsu eta rock progresiboaren maisu hori soinu-ingeniari aritu da artista ugarirekin: The Beatles, Pink Floyd, The Hollies, The Wings... Grammy bat irabazi eta 13 izendapen jaso ditu, baita beste sari asko ere. Ia 70 disko argitaratu ondoren, Alan Parsons Live Project delakoarekin etorriko da jaialdira. Hala, Bilboko entzuleek aukera izango dute haren show ikusgarriaz gozatzeko. 2022ko "Legends"en, artistaren osasun-arazoak zirela-eta, bertan behera geratu zen emanaldia.
Alan Parsonsen iragarpenari, LITA FORD britainiar-estatubatuarrarena gehitu behar zaio. Metalaren erregina, "Rock Gitarraren Lehen Dama", Los Angelesko (AEB) The Runaways emakume-talde berritzailearen sortzaileetakoa eta gitarra-jotzaile ohia. Ia 50 urteko ibilbidean, hamaika sari eta aitortza jaso ditu, baita "Emakumezko Rock Abeslaririk Onena" Grammy sarirako 2 izendapen ere. "Legends"en agertokira SAMANTHA FISH (Kansas, AEB) ere igoko da bere rock-blues zeharo gordin eta kementsuarekin. Zenbait artista handiri lagundu izan die haien biretan, hala nola Slash (Guns & Roses) eta Rolling Stonesi, eta aurten Grammy saria irabazteko hautagaia izan da, Death Wish Blues lanari esker. Azkenik, baieztatutako lehen taldeen multzoaren barne, halaber, SEX MUSEUM madrildarrak daude. Malasañatik datoz, "40 urteurren" bira betean, agertokian ezin indartsuago, betiko hit mordoa eta beren disko berriaren zenbait aurrerapen dituen zuzenekoan.


