Punto de Vista jaialdiak sail ofizialean sartu diren hamahiru herrialdetako hamazazpi filmak iragarri ditu, baita hasierako eta amaierako saioak ere

  • Punto de Vista jaialdiak sail ofizialean sartu diren hamahiru herrialdetako hamazazpi filmak iragarri ditu, baita hasierako eta amaierako saioak ere

  • Jaialdiaren hasierako eta amaierako protagonistak Miñuca Villaverderen Tent City eta Frans van de Staak-en Sepio izanen dira, hurrenez hurren
  • Aurten 900 film inguruk eman dute izena, jaialdiko sariak irabazteko aukera izanen duten hamar film luzeak eta zazpi film laburrak tartean

Gaur ezagutarazi da Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren sail ofiziala, Iruñean otsailaren 24tik martxoaren 1era egingo dena. Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatzen duen jaialdiaren hemeretzigarren edizioa aurkeztu da, eta sail garrantzitsuenetako batean sartu diren hamazazpi filmak iragarri dira. Guztira, hamar film luze eta zazpi film labur izanen dira jaialdiko sarietarako hautagai.

Sail ofizialeko film garrantzitsuenei dagokienez, José Luis Sepúlveda eta Carolina Adriazola txiletarren Cuadro negro film luze berriaren munduko estreinaldia izanen dugu, zinema garaikidean erreferentzia diren pertsonak, eta Estatuko zinemagile gazteen bi film ere mundu osoan lehen aldiz izanen ditugu ikusgai (Emilio Hupe-ren El viento que golpea mi ventana eta Ramon Balcells-en A), Wonwoo Kim hegokorearraren Writing Poems at the End of the World film laburrarekin batera. Bereziki aipatzekoa da Maddi Barber eta Marina Lameiroren azken filma, Cambium, Nafarroan estreinatuko dugula, nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan barna ibili ondoren, hala nola Visions du Réel, (Nyon, Suitza) edo Rencontres Internationales Paris/Berlin jaialdietan.

Bertzalde, hasierako eta amaierako saioetan bi obra historiko eskainiko dira; izan ere, bere garaian ez ziren oso estimatuak izan, eta jaialdiak beste ikuspegi batetik begiratuta berreskuratu nahi izan ditu. Otsailaren 24an, Tent City (1980) proiektatuko da, Miñuca Villaverde zinemagile kubatar aitzindariaren dokumental bakarra eta, jarraian, solasaldi bat eginen dugu zinemagilearekin berarekin, haren senar eta kolaboratzaile Fernando Villaverde idazle eta zinemagilearekin eta José Luis Aparicio programatzailearekin. Iaz, dokumentalen ondare zinematografikoaren inguruko lankidetza abiarazi zuen Punto de Vistak Cinéma du Réel (Paris) jaialdiarekin eta Kataluniako Filmategiarekin, eta azken kolaborazio horren baita txertatzen da programazioa, Miñuca Villaverderen Tent City filma ez ezik, gainerako lanak ere zaharberritu baitituzte. Amaierako proiekzioan Frans van de Staak zinemagilearen Sepio (1996) filma izanen dugu ikusgai; izan ere, aurtengo edizio honetan, zinemagile nederlandarrari buruzko zikloa antolatu dugu jaialdian –jatorrizko herrialdetik kanpo egiten den lehen zikloa izanen da–, Herbehereetako Enbaxadaren eta Eye Filmmuseum erakundearen laguntzarekin, eta zikloari bukaera emanen dion proiekzioa izanen da.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUrtarrilak 9
  • Gaia Ikus-entzunezkoa