Ubarretxenak: "Lan-baimenen eskumenarekin atzerritarren integrazioa sustatu eta beren laneratzea erraztu nahi dugu"

Argitalpen-data: 


      2024-12-18_EgunOnEuskadi_1.jpeg
  • Bozeramaileak esan du udalak ere etxebizitzaren erronkari aurre egiteko giltza badirela eta Jaurlaritzaren esku utzi ditzaketela eskura dituzten lurzoruak

Maria Ubarretxena bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan.

Jaurlaritzak atzo iragarritako 4.000 plazako Enplegu Publikoaren Eskaintzari buruz sailburuak esan du “oso albiste ona” dela eta  “aurrerapauso garrantzitsua”. “EPE honek erantzuten dio sektore publikoaren belaunaldi errelebo beharrari, administrazio publikoa berritzen doa eta modernizatu egin behar dugu” esan du. Iragarritako Enplegu Publikoaren Eskaintza 3 urtetan gauzatuko da, deialdi ezberdinen bidez. 2025ean, 2022an abiatutako egonkortzeko prozesuari amaiera emango zaio, eta helburua da  2025. urte amaierarako bitartekotasun tasa %8 azpitik kokatzea.

Bi eskumen berri eta akordio politikoa

Aste honetan itxitako bi eskumenen harira, Maria Ubarretxena sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsuak diren bi eskumen lortu direla eta akordio politikoa ere bai atzerritarren lan-baimenak Euskadira eskualdatzeko. “Gobernuen artean sintonia ona dago eta negoziaketa beti egin behar da enpatiatik eta diskreziotik, alde positibotik gehiago lortzen baita, negatibotik baino”. Edonola ere, gogorarazi du, Gernikako Estutua bete gabe dagoela oraindik eta legea bete egin behar dela.

Atzerritarren lan-baimenei buruz, Ubarretxenak azaldu du Euskadik badituela lanerako politika aktiboak, baina zerbitzu integralagoa ematea dela helburua. “Lanbiden formakuntza jaso duten 5.000 pertsona ditugu, laneratu ezin daitezkeenak, lan-baimenik ez dutelako; Euskadik langileak behar ditu eta atzerritarren laneratzea bermatu eta erraztu nahi dugu beren bizi proiektua Euskadin aurrera eramateko aukera izan dezaten” gaineratu du.

Aurrekontuen negoziaketari lotuta, bozeramaileak esan du epe luzerako begiradarekin eta entzuketa ariketa aplikatuz gauzatu dutela negoziaketa; oposizioko taldeen babesik gabe, baina euren proposamenak txertatuta onartuko dira aurrekontuak, “Euskadi anitza da eta aurrekontu anitzak izango ditu eta jarraipena emango diogu entzuketa prozesuari Euskadiko erronkei aurre egiteko” azpimarratu du.

Etxebizitzarena da Euskadik duen erronka nagusietako bat eta Ubarretxenak adierazi du udalak ere etxebizitzaren erronkari aurre egiteko giltza badirela. “Udalek badituzte lurzoruak, eurek kudeatzen dituztenak eta Jaurlaritzaren esku utzi ditzaketenak; benetan uste badugu etxebizitzarena erronka bat dela eta gaiarekin kezkatuta bagaude, udalek zeresan handia dute gai honetan eta ekarpen handia egin dezakete” amaitu du Ubarretxenak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)