Torres Lehendakariordearen ustez, aberastasuna eta gizarte-kohesioa sortzea "izan nahi dugun Euskadiren" oinarria dira

Argitalpen-data: 


      IMG_3728.jpg
  • Enpresa gehiago eta enplegu gehiago sortzea du helburu, baita gizarte-ekonomiaren esparruan ekintzailetza kolektiboa sustatzea ere 

“Aberastasuna eta gizarte-kohesioa sortzea" dira "izan nahi dugun Euskadiren" oinarrietako bi, adierazi du gaur Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak EKOS sarien banaketan, Donostian egindako Gizarte Ekonomiaren Sormen Jaialdian. Sailburuak ziurtatu duenaren arabera, “Gizarte ekonomia tresna handia da etorkizun bidezkoagoa, berdinzaleagoa, birbanatzaileagoa eta desberdintasun tasa txikiagokoa eraikitzeko”. 

Alde horretatik, Lehendakariordeak zuzentzen duen sailaren helburu nagusietako bat gizarte-ekonomiaren esparruan enpresa gehiago eta enplegu gehiago sortzea dela adierazi du. Bai eta ekintzailetza kolektiboa sustatzea ere. “Euskadi Europak behar duenaren erreferente bat da. Mundu mailako erreferente bat da ekonomia sozialaren arloan”, adierazi du Torresek. 

Proiektu estrategikoak

2025. urtea mugarri bat izango da gizarte ekonomia bultzatzeko. Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila bi proiektu estrategikotan ari da lanean. Alde batetik, ASSET (Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank) abangoardiako hub-ean, zeinak egoitza Donostian izango baitu.

Abangoardiako gunea da, eta nazioartean gizarte-berrikuntzaren erreferente izatea du helburu. Ekimen honek erakunde hauen arteko lankidetza du: Europar Batasuna, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala; baita Gizarte Ekonomiaren Espainiako Enpresarien Konfederazioa ere.  

Bestetik, 2025. urtea Kooperatiben Nazioarteko Urtea izango da, NBEk sustatua. Ekimen horri azaroaren amaieran eman zitzaion hasiera, Indian egindako Kooperatiben Konferentzia Globalean. Ekimen horren barruan, maiatzaren 29an eta 30ean, Gizarte Ekonomiari buruzko Nazioarteko Goi-bilera egingo da Gipuzkoako hiriburuko Kursaal jauregian, eta bertan izango dira ELGA, LANE, eta mundu mailako hainbat gobernu eta erakunde zein enpresa-buru ere. 

EKOS jaialdia 

EKOS jaialdiaren bigarren edizio honen helburua gazteen eta adinekoen arteko ekonomia soziala bultzatzea da, eta 256 lan aurkeztu dira. Ikus-entzunezko lanen eta lan grafikoen lehiaketa baten bidez, parte-hartzaileek gizarte-ekonomiaren balioei buruzko hainbat gairekin lotutako proiektuak aurkeztu dituzte, hala nola etorkizun berdinzaleagoaren eraikuntza. 

Lehiaketa honek hainbat kategoria ditu: Urrezko EKOS: ikasleek 2.000 euroko saria jaso dezakete, eta publiko orokorrak 3.000; EKOS Nabarmenak: 600 euroko saria izango dute; eta EKOS Popularrak: herri-bozketa bidez aukeratutako lanak izango dira eta 500 euroko saria izango dute. 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)