Euskadiko betiON telelaguntza-zerbitzu publikoak 79.600 erabiltzailetik gora ditu gaur egun, eta datozen egun eta asteetan, beraz, 80.000ko langa gaindituko du, Imanol Pradales lehendakariak, gaur Bilbon zerbitzuaren instalazio nagusietara egin duen bistan, aurreratu duenez. Telefono bidezko etxeko arreta-zerbitzu iraunkorra da, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan ematen du zerbitzua, eta zerbitzu hori larrialdi-egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko berariaz prestatuta dauden pertsonek ematen dute.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak lagunduta, lehendakariak telelaguntza-zerbitzu publikoa balioetsi du, erabiltzaileei ez ezik haien senitartekoei eta ingurukoei ere egiten dien ekarpena kontuan hartuta. Euskadiko telelaguntza-eredua arreta pertsonari emateko paradigman oinarrituta dago, eta erabiltzaile bakoitzaren behar espezifikoei erantzuten die, “denek ez baitituzte behar berberak”, berretsi du Pradalesek berak.
Horrela, zerbitzu honek telelaguntza aurreratua eskaintzearen alde egiten du, eta, gainera, prediktiboa da arriskuak artatzeko eta prebenitzeko, eta betiONek, beraz, pertsona bakoitzari zerbitzua bere beharretara egokitzeko aukera ematen dio.Horrela, prestazioak eta teknologia osagarria erabiltzaile bakoitzak bere zahartze-aldian behar duenera egokitzen dira, bere osasun-egoeraren eta gizarte-egoeraren arabera, eta erabiltzaile bakoitzarentzat telelaguntza-plan pertsonalizatua konfiguratzen da.
Horretarako, zerbitzuan alta emateko unean, erabiltzaile bakoitzak zerbitzuko gizarte-langile baten bisita jasotzen du, eta hark bere egoera, gizarte- eta familia-ingurunea, beharrak eta abar ebaluatzen ditu. Hortik abiatuta, esku hartzeko proposamen bat egiten du, eta hainbat laguntza proposatzen dizkio, bai maila teknologikoan, bai giza laguntzari dagokionez. Ebaluazio hori sei hilean behin berrikusten da.
BetiON zerbitzu publikoak hala nahi duten pertsonak etxeko ohiko ingurunean mantentzea sustatzen du, prebentzio- eta detekzio-zerbitzuak garatuz. Nork bere burua zaintzea sustatuz eta etxean zaintzeko ongizatearen teknologiez baliatuz egiten du, horrela autonomia galtzea prebenitzen laguntzeko.Horregatik, euren etxeetan bizitzen jarraitu nahi duten pertsonei “bizi-kalitatea eta segurtasuna ematen dizkien” tresna da. Erabiltzaileen artean balorazio bikaina (5etik 4,3) duen zerbitzu publikoa da, eta etengabe hazi dena. Hilero. 1.200 alta berri izaten dira batez beste zerbitzuan, eta 800 baja batez beste.
Zifrak
Datuei erreparatuz gero, Euskadiko 85 urtetik gorako emakumeen erdiek baino gehiagok betiON erabiltzen dute, hau da, 58.046 emakumetik 29.469k (% 51). Hain zuzen ere, erabiltzailearen batez besteko profila osatuko bagenu, 80 urtetik gorako emakume batena izango litzateke. Berez, lau erabiltzailetik hiru emakumeak dira (% 75), eta antzeko portzentajean (% 76) 80 urtetik gorakoak. Izan ere, zerbitzuan sartzen direnen batez besteko adina 80 urte dira, eta bertan batez beste 6 urte egoten dira, egoitza batera joateko etxea utzi aurretik, kasu askotan.
Gero eta handiagoa den eskaera horri erantzuteko, zerbitzuak 200 profesional baino gehiago ditu lau lantokitan, Aretxabaletan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, banatuta. Gainera, betiONek dominaren osagarri diren aparatu batzuk ditu banatuta kea, sua, gasa, erorikoak, mugikortasuna eta abar detektatzeko. Guztira 13.150 gailu dira; horietako gehienak (% 67) ke- eta su-detektagailuak, soinu baten bidez etxean bertan arriskuaren berri ematen dutenak eta, gainera, betiON-en deien zentrora alerta-dei bat ere igortzen dutenak.
BetiONen egoitzak egunean 1.300 alarma eta/edo larrialdi baino gehiago jasotzen ditu artatutako etxeetatik. Hilean, batez beste, 41.000 dei jasotzen dira. Baina betiON proaktiboa ere bada. Egunean 3.000 dei baino gehiago igortzen dira erabiltzaileen egoeraren berri jakiteko eta haien egoerari buruzko informazioa eguneratzeko. Hilean 96.000 dei igortzen dira.
Gainera, egunean 230 esku-hartze tekniko baino gehiago artatzen dira etxeetan: altako instalazioak, premiazko matxurak, prebentziozko mantentze-lanak, baja eman duten ekipoak erretiratzea, etab.
BetiONek gaur egun zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen die ia 80.000 erabiltzaileri. Pertsonalizazio horri esker, egoera zehatzei erantzuteko programa eta proiektu espezifikoak dituen telelaguntza garatu ahal izan da. Horrela, esate baterako, zaintzaileari laguntzeko programa; tratu txarrak antzemateko protokoloa; suizidio-arriskua detektatzeko programa; eta zerbitzua narriadura kognitiboa, dementziak edo Alzheimerra duten pertsonei eta haien senideei egokitzeko proiektu pilotu bat erabiltzen dira.
Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoa bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei, mendetasun-arriskuan dauden 65 urteko edo gehiagoko pertsonei, mendetasuna aitortuta duten pertsonei eta bakartze sozialeko arriskuan dauden pertsonei zuzenduta dago. Zerbitzua oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, ZUZENEANen 012 telefono-zenbakiaren bidez eta hiru lurraldeetako bulegoetan, edo https://www.euskadi.eus/betion web-orriaren bidez eska daiteke.
Zerbitzuaren gehieneko prezioa hilean 4 eurokoa da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)