- Osakidetzarekin, Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialekin eta farmazia-banaketako biltegiekin sinatutako hitzarmen berri horri esker, hornidura-arazoen kudeaketa hobetu ahal izango da, arinago jardun ahal izango da eta pazienteei kalte egitea saihestuko da
Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaio Osasun Sailak, Osakidetzak, Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialek eta farmazia-banaketako biltegiek hitzarmena sinatu dutela, sendagaien hornidurarik ez dagoen egoerei buruzko komunikazio-estrategia bat osatze aldera.
Lankidetza-hitzarmen horri esker, hornidura-arazoen kudeaketa hobetu ahal izango da, arinago jardun ahal izango da eta pazienteei kalte egitea saihestuko da. Azken batean, Euskadiko farmazia-prestazioa bermatuko da. Horretarako, osasun-sistemako eragile guztiak inplikatzen dituen jardun-protokoloa zehaztu da.
Helburua da komunikazio-sarea sortzea eta, hala, hornidura-arazoei buruzko informazioa eta kudeaketa hobetzea. Hartara, hornidurarik ezari buruzko informazioa eskuragarri izango da, hartutako neurri arautzaileen berri emango da eta, hala badagokio, hornidura-arazoa amaitzeko aurreikusitako eguna jakinaraziko da.
Inplikatutako eragile bakoitzak bere jardun-eremuan hornidurarik ez dagoela antzematen duenean, Farmazia Zuzendaritzari jakinaraziko dio, eta, horrek, hornidurarik ez dagoen jakinarazpena jaso eta aztertu ondoren:
- Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari (AEMPS) jakinaraziko dizkio aldez aurretik identifikatu ez diren egoerak, AEMPSren beraren tresna espezifikoaren bidez.
- AEMPSi egindako komunikazio bakoitzaren jarraipena egingo du.
- Ekintza arautzaileak zehaztuko ditu, eta interesa duten eragile guztiei jakinaraziko dizkie. Aldi berean, ondorio horretarako sortutako eta eragile guztiek partekatutako biltegi batean erregistratuko ditu, eta, horrela, edozein unetan jakin ahal izango da zein den hornidurarik ez duen edo behar bezala hornituta ez dagoen sendagaiaren egoera.
- Hornidurarik ez dagoen egoera bakoitzaren jarraipena egingo du, Euskadiko pazienteen eskaria bermatuko duen ohiko hornidura berrezarri bitartean.
Informazio hori noiznahi eskuratu eta kontsultatu ahal izango dute eragileek.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)