Gobernu Kontseiluak Europako funtsetako 10,5 milioi euro gastatzea baimendu du gaur. Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbateko hori jarriko dute arreta pertsonal digitalizaturako, alboko esklerosi amiotrofikoa eta gaixotasun arraroak dituzten pazienteen arreta hobetzeko eta zorro genomikoa handitzeko.
Osasun Sailak eta Osakidetzak formalizatuko duten lankidetza-hitzarmenari esker, Euskadin 10.424.171,85 € jarriko dira arlo horietarako, Europar Batasunak (Next Generation) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.
Arreta Pertsonal Digitalizatua da administrazio publikoen modernizazioaren erronka nagusietako bat —kasu honetan, Euskadiko osasun-sistema publikoaren beraren arloan—.
Alboko esklerosi amiotrofikoa duten pazienteei zuzendutako inbertsioari dagokionez, osotasunean eta modu homogeneoan ezarri nahi dira, batetik, Osasun Sistema Nazionalaren komunikazio handigarriaren eta alternatiboaren arloko zorro komuna —begi-jarraipeneko sistemak eta beste gailu batzuk barne— eta , bestetik, prestazio ortoprotesikoaren katalogoaren azken eguneratzeak.
Gaixotasun arraroak dituzten pazienteei dagokienez, helburua da osasun-zentroetako espazioen irisgarritasuna, erosotasuna eta humanizazioa hobetzea, eta, hartara, ingurune fisiko edo birtual berean integratzea asistentzia-eskaintza eta diziplina anitzeko profesional guztien jarduna. Gainera, pazienteen eta haien senideen harreraren kalitatea areagotu nahi da.
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren arteko hitzarmenean jasotako beste alderdietako bat ortoprotesi bidezko errehabilitazio-tratamendua bultzatzea da, hala nola ibiltzeko exoeskeletoak.
Azkenik, funts horiek baliagarriak izango dira proba genetikoen katalogoa handitzeko eta informazio genomikoa integratuko duen sistemaren operatibitatea handitzeko. Horrek inpaktu positiboa izan dezake diagnostiko goiztiarren eta tratamendu goiztiarren hobekuntzan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)