- Gaur jakinarazi die sindikatuei betetzeko zailak diren lanpostuak betetzeko kontratatzeko proposamena
- Gainera, LEP eredu berri bat aurkeztu du, prozesuak bizkortzea eta plantilla egonkortzean aurrera egitea ahalbidetuko duena
- Era berean, lanpostu funtzionalen dekretu berriaren proiektua eman du ezagutzera
Osakidetzak gaur aurkeztu die Euskal osasun zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuei betetzeko zailak diren lanpostuak betetzeko kontratazio-programa bat. Programa horren helburua zera da: betetzea arrazoi ezberdinengatik hain erakargarriak ez diren osasun-zentroetako eta EAGetako lanpostuak, hutsik geratzen direnak. Proposamena gaur goizean Gasteizko Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan egindako Mahai Sektorialera bidali da. Mahai horretan, gainera, Osakidetzak EPE eredu berri baterako proposamena aurkeztu du, hots, plantilla egonkortzeko beharrei erantzuna emango dien eredu arinago bat.
Duela egun batzuk Eusko Legebiltzarrean Osasuneko sailburuak, Alberto Martínezek, azaldu zuen bezala, Osasun Sailak legegintzaldi honetarako duen lehentasun handienetako bat honako hau da: fidelizazioa eta iraunkortasuna sustatzeko neurriak barne hartuko dituzten kontratazioak egitea betetzeko zailak diren lanpostu espezifikoetan. Zentzu horretan, Osakidetzak sustapen-neurri zehatzak dituen kontratazio-programa bat proposatzen du, estaldura errazteko eta zerbitzua ematen dela ziurtatzeko.
Horretaz gain, Osakidetzak betetzeko zailak diren lanpostuen EPE berezi bat egitea planteatu du.
Halaber, gaurko Mahai Sektorialean Osakidetzak EPE eredu berri bat sortzeko proposamena aipatu du, hain zuzen ere, Osakidetzaren hautaketa- eta hornikuntza-prozesuak arintzea ahalbidetuko duen eredua, eta plantilla egonkortzeko eta berritzeko beharrei erantzungo diena.
Bestalde, Lanpostu Funtzionalen Dekretu berriaren proiektuari buruzko informazioa eta dokumentazioa ere aurkeztu ditu, hori baita Osakidetzako egiturazko plantilla antolatzeko funtsezko oinarria eta lanbide-sailkapeneko tresna nagusietako bat.
Era berean, Osakidetzak sindikatuek planteatutako gai guztiak jorratu ditu bileran, eta hemendik urte amaierara bitartean martxan dauden hainbat proiekturen ekintzen garapenaren kronograma aurkeztu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)