Osakidetzak kirurgiako itxaron-zerrenda 52 egunera murriztea lortu du, legealdia hasi zenetik 15 egun gutxiago

Argitalpen-data: 

  • Aurtengo uztailean 67,7 egun izatetik azaroan 52,6 izatera igaro da, hau da, 15 egun gutxiago bost hilabetean eta 1.832 paziente gutxiago zerrendan 
  • Herritarrek gehien eskatzen dituzten prozesuen itxaronaldia ere murriztu da: kataraten interbentzio baterako batez besteko itxaronaldia 38,78 egunekoa da, eta 57 egunekoa aldakako protesi baterako

Osakidetzak 1.832 pazientetan murriztu du kirurgiako itxaron-zerrenda, legealdiaren hasierarekin alderatuta. Gaur egun, itxaronaldia 52,6 egunekoa da. Aurtengo uztailean 67,7 egun izatetik azaroan 52,6 izatera igaro da, hau da, bost hilabetean 15 egun gutxiago. Hala ondorioztatzen da 2024ko azaroaren 30ean eguneratu den Osakidetzako itxaron-zerrendei buruzko azken txostenetik.

Gainera, herritarrek gehien eskatzen dituzten prozesuetako itxaronaldia murriztu da. Izatez, kataraten ebakuntzarako batez besteko itxaronaldia 38,78 egunekoa da orain, aldakako protesi baterako 57 egunekoa eta belauneko protesi baterako 63 egunekoa.

Datu horiek Koldo Berganzo Osakidetzako Asistentzia Espezializatuko zuzendariordeak eman zituen atzo, osteguna, Alberto Martinez Osasuneko sailburuarekin eta Osakidetzako zuzendaritza-taldearekin batera egindako informazio-topaketa batean. Bilera horretan, Osakidetzako arreta espezializatuko itxaron-zerrendak murrizteari buruzko azken datuak jakinarazi ziren, eta bereziki eskertu zen profesionalek egindako ahalegina.

Espezializatuko kontsultak eta proba osagarriak ere jaitsi egin dira

Osasun Sailak uztailean abian jarritako talka-planean hartutako neurriak guztiz eraginkorrak izan dira. Izan ere, Arreta Espezializatuko kontsulta baterako itxaronaldia 58 egunekoa da batez beste, eta proba osagarrien itxaronaldia 40 egunetik beherakoa da.

Arreta espezializatuaren arloko itxaronaldiak murriztea da Osasun Sailaren agendan jasotako lehentasunetako bat. Horretarako, Osakidetzan oso identifikazio-lan espezifikoa egiten ari da itxaron-zerrendak murrizteko behar diren premiei buruz. Gainera, adimen artifizialaren bidez formulak garatzen ari gara, zerrendek nola eboluzionatuko duten aurreikusteko, eta, hala, aurreratu eta baliabideak behar diren lekuetan jartzeko.

Itxaron-zerrendei buruzko informazio guztia dokumentu batean jaso da, eta Osakidetzaren web-orrian eta Osasun Sailaren web-orrian argitaratuta dago. Informazioa 6 hilean behin eguneratuko da.

Horrela bete egiten da Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrarekin hartutako konpromisoa, Osakidetzaren itxaron-zerrenden datuak Osakidetzaren eta Osasun Sailaren web-orrietan argitaratzeko konpromisoa, barnean dela datu horiek Zerbitzu Integratuen Erakundeen arabera emateko konpromisoa.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)