- Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin da interbentzioa, zeina erreferente baita helduen eta haurren giltzurruneko transplanteetan
- 2024an, EAEko organo- eta ehun-emaileen tasa milioi bat biztanleko 52,7 emailekoa zen, nazioartean dagoen altuenetako bat
- EAEn organo-emate eta transplante ugari egiten direnez, Osakidetza transplanteen erreferente bihurtu da, eta nazioartean ere nabarmendu da
1979ko uztailaren 6an, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, EAEko lehen giltzurruneko transplantea egin zen, eta ordutik 5.000 pertsonak izan dute giltzurruneko transplantea EAEn. Lehen lerroko prestakuntza jaso duen diziplina anitzeko lantaldeak (Nefrologia, Urologia, Immunologia, Transplanteetako Koordinazioa, Anestesia eta Bizkorketako osasun-langileek osatutakoak) nahiz beste zerbitzu batzuetako bigarren lerroko unitateetakoek (Medikuntza Intentsiboa, Odol Bankua, Biokimika, etab.) egindako lanari esker lortu da mugarria. Hala, Osakidetza transplanteen erreferente bihurtu da, eta nazioartean ere nabarmendu da.
EAEn, zendutakoen hamar familiatako bederatzik baietza ematen diote organoak emateari; halaber, 2006tik emaile bizien giltzurruneko transplantea egiteko programa dugu abian gure herrialdean, zeinari esker 306 pertsonari egin baitiete transplantea, horien artean 34 transplante gurutzatuak izan dira.
Horrez gain, giltzurruneko transplante pediatrikoan erreferentziazko zentroa denez, 1994tik guztira 201 transplante egin zaizkie ospitalean pediatria-adinean dauden pazienteei. Zehazki: EAEko 91 pazienteri, Nafarroako 16ri; Gaztela eta Leongo 20ri; Galiziako 25i; Asturiaseko 19ri; Kantabriako 19ri, Errioxako 7ri, eta Aragoiko 4ri.
Emateei dagokienez, 2024an EAEko organo- eta ehun-emaileen tasa milioi bat biztanleko 52,7 emailekoa da, nazioartean dagoen altuenetako bat; Europan, tasa 21 emaile inguruko da milioi bat biztanleko. Ildo horretan, 2000. urtetik milioi bat biztanleko 40 emaileko tasa (OMEk egokitzat jotako kopurua) gainditzen duen urteko batez besteko tasa duen lurralde bakarra da Euskadi.
*ARGAZKIAK:
Trasplante renal 2: Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko transplanteen diziplina anitzeko lantaldea, transplantatutako bi pazienterekin batera
Trasplante renal 3: Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko transplanteen diziplina anitzeko lantaldea
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)