Mutriku: Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo Portuko Udal Kontseilua eratu da

Argitalpen-data: 


      2024_MUTRIKU_CONS_PORT__1_.jpg

• Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoa da

• Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dago

• Abenduaren amaiera arte Ondarroakoa, Getariakoa, Elantxobekoa eta Eakoa daude deituta; 2025eko lehenengo hiruhilekoan, gainerakoak: Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia

Mutrikun, Gipuzkoan, eratu da Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo Portuko Udal Kontseilua, Amaia Barredo sailburuak Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian jakinarazi zuen bezala. Eusko Jaurlaritzak joan den irailaren 10ean onartu zuen Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua. Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabiltzen dituen eskumenen esparruan, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita daude.

“Portu batek hartzen duen espazio fisikoa hori kokatuta dagoen udalerriaren zati da, eta lotura estua du kokatuta dagoen kostaldeko herriko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin. Ez da lurralde-zati isolatua; izan ere, portu-eremuan interes ugari elkartzen dira, eta beharrezkoa da, beraz, eragileek parte hartzea errazteko mekanismoak eta tresnak ezartzea”, zehaztu du Amaia Barredok.

Parte hartzeko printzipio hori betetzeko, egun hauetan Portuko Udal Kontseiluak eratzen joango dira, Koldobika Goitia Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria bertan dela.

“Kontseilu horietan hartzen diren erabakiak ez dira lotesleak izango, baina elkartzeko eta Euskadiko portu bakoitzean esku hartzen duten eragileak kezkatzen edo arduratzen dituzten gaiak aztertu eta eztabaidatzeko lekuak izango dira. Portuetako instalazioen eta azaleren erabilerak hobeto kudeatzeko jarduerak proposatzeko foroak izango dira”, adierazi du Goitiak.

Portuko Udal Kontseiluak honako portuetan eratzen ari dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. Datozen asteotan, 2024a amaitu arte, jada deituta daude Ondarroako, Getariako, Elantxobeko eta Eako Portuko Udal Kontseiluak. 2025eko lehenengo hiruhilekoan, gainerako kontseiluak deituko dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)