Mugikortasun Jasangarriaren Sailak topoaren obren eragina jasan duten Donostiako Easoko eta San Bartolomeko urbanizazio-lanak esleitu ditu

Argitalpen-data: 


      foto358.jpg
  • Proposatutako soluzioek oinezkoentzako espazio publikoa zabaltzen dute

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarearen kontratazio-batzordeak, Topoaren trenbide saihesbidearen lanen eragina jasan duten Donostiako Easo eta San Bartolome kaleak eta Xabier Zubiri plaza urbanizatzeko lanak esleitu ditu 1,77 milioi euroren truke. Lehenengo loterako eskaintzarik onenak, milioi bat euro pasatxokoak, 10 hilabeteko egikaritze epea du Easo kalea eta Xabier Zubiri plaza egiteko, eta Jaizubiarena izan da. Bigarren loteak 699.000 euroko aurrekontua eta 4 hilabeteko epea izango ditu San Bartolome kaleko lanak egiteko.

Bi jarduketetan egingo den espazioaren berrantolaketak, espaloiak handituz, autobus-errei berriak sortuz eta atsedenguneak sortuz eta landaretza jarriz, oinezkoentzako guneak lehenetsiko dituen eta ibilgailu pribatuentzako espazioa murriztuko duen ingurune irisgarriagoan, seguruagoan eta jasangarriagoan inbertitzea ekarriko du.

Lehenbiziko lotearen jarduketa-eremua Xabier Zubiri plazan eta Easo kalean dago, Donostia hiriguneko erdialdean. Urbanizatu beharreko plazako espazio publikoak triangelu-forma du, eta Easoko tartea, berriz, San Martinetik Askatasun Etorbideraino luzatuko da. Eremu horrek saltoki eta ostalaritzako establezimendu ugari ditu, eta horiek eragin handia jasan dute ia obren hasieratik, Erdialde-Kontxa geltokira sartzeko kanoia eta igogailua inguruetan baitaude.

Une oro Donostiako Udalarekin lankidetzan landu den urbanizazio-proiektuaren helburua espazio publikoaren berrantolaketa definitzea da, hiri-ingurunea hobetzeko eta herritarrentzat erakargarria eta erabilgarria izango den espazio berria sortzeko. Urbanizazio-proposamen berriaren abiapuntua Zubieta kaleko galtzadaren trazadura aldatzea da, Xabier Zubiri plazako espazio publikoa handitzeko eta Topoan sartzeko kanoia ingurunera egokitu ahal izateko. Horrela, oinezkoen fluxua indartu eta ibilgailuen zirkulazioa murriztu nahi da.

Horretarako, plazarako hiru sarbide nagusi sortuko dira, bat zebrabide baten bidez, Askatasun Etorbiderantz, beste bat hondartzarantz Zaragoza plazaren ondoan, eta azken sarbidea Easo eta San Martzial kaleetarantz. Azken horretan, asfalto inprimatua duen galtzada garai bat eratuko da, oinezkoari lehentasuna emateko galtzada horretatik igaroko diren autobus eta taxien aurrean, horrela pasabide zabal eta segurua lortzeko. Aldi berean, parterre motako berdegune txiki bat sortuko da hesi gisa Zubieta kaleko galtzadaren aldean, igarobideak mugatzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

Easo kaleari dagokionez, galtzada autobus eta taxientzako errei bakarra izango da. Espaloiak zabaldu egingo dira bi aldeetan. Gune horretan atseden-guneak sortuko dira, eserleku-jardinerekin. Gainera, oinezkoen segurtasunerako, Arrasate kalearekiko bidegurutzean asfalto inprimatua duen galtzada garaia sortuko da.

San Bartolome kalearen kokapena desberdina da, toki mugatuagoa baita. Berrurbanizatu beharreko tartea Easo eta Urbieta kaleen artean dago, 80 metro inguru da luze, eta bidearen alde banatan bi espaloi ditu. Leku horretan, ETS duela hilabete batzuetatik ari da lanean Erdialdea-Kontxa geltokiaren etorkizuneko larrialdi-aireztapenak eraikitzeko.

Hartutako soluzioa kalearen funtzionaltasuna leheneratzeko eta hobetzeko premiara egokitzen da. Horrela, esku-hartze hori espazioaren berrantolaketa integrala egiteko eta norabide bakarreko autobus-erreia sortzeko baliatu nahi da, hiriaren hiri-garapenerako planekin bat etorriz. Hala, automobilentzako bigarren erreia eraikiko da noranzko bakarrean, zamalanetarako eremu bat egokituko da, eta espaloiak nabarmen handituko dira, oinezkoei leku gehiago emateko, atseden-guneekin eta landaretzarekin.

Jarduketa horren helburua herritarren erosotasuna hobetzea eta giro lagunkoiagoa eta jasangarriagoa sustatzea da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)