Mikel Jauregi eta Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuek I+G politiken aldeko apustua berretsi dute 2024ko Berrikuntzaren Gidaren aurkezpenean

Argitalpen-data: 


      Estrategia_0926.JPG
  • Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, berrikuntzaren arloko lankidetza publiko-pribatuaren eredua funtsezkoa da, eta Eusko Jaurlaritzak hainbat esparrutan (hala nola I+G teknologikoan) inbertitzen duen euro bakoitzeko enpresek ia bi euro inbertitzea lortzen da.
  • Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak aurreratu du legegintzaldi honetan Ikasketa Aurreratuen Zentroa sortzeko asmoa duela bere sail berriak.

 

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Estrategia Empresarialek Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan argitaratutako 2024ko Berrikuntzaren Gidaren aurkezpenean parte hartu dute.

Hobekuntzaren sinbolo unibertsala den "citius, altius, fortius" (bizkorrago, altuago, indartsuago) lelo olinpikoarekin kaleratutako argitalpen honen hemezortzigarren edizioan, Euskadin legegintzaldi honetan berrikuntzaren, ikerketaren eta teknologiaren arloan aurreikusitako planak eta proiektuak biltzen dira, Euskadik gaur egun I+G+B arloan duen egoera zehazten da eta berrikuntzaren euskal ekosistema osatzen duten protagonista nagusien iritziak jasotzen dira.

Aurtengo Berrikuntzaren Gida Estrategia Empresarialeko kontseilari ordezkari Roberto Urkitzak eta Innobasqueko presidente Manu Salaverriak aurkeztu dute. Biek azpimarratu dute argitalpen hori oso garrantzitsua dela euskal enpresa-sareak berrikuntzari esker eta eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan Euskadi lehiakorrago, jasangarriago eta inklusiboago bat lortzeko urrats handiak egin dituela dokumentatzeko.

Mikel Jauregi sailburuak eskaini duen hitzaldian azpimarratu duenez, Europako Batzordeak berrikuntza handiko lurraldetzat hartu du Euskadi berriz ere 2024an, eta Danimarka, Suedia, Finlandia eta Herbehereak baino ez dira aurretik geratu. “Baina ez gara konformatzen, eta gehiago nahi dugu. Ziur gaude berrikuntza dela bidea Europaren berrindustrializazioan aitzindari izateko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, hala nola trantsizio energetikoari eta eraldaketa digitalari. Hori dela eta, I+G arloko inbertsioa BPGd-aren % 3ra igoko dugu 2030. urterako. Gure lankidetza publiko-pribatuaren eredua funtsezkoa da berrikuntzan aurrera egiteko, eta, horren erakusgarri, Eusko Jaurlaritzak 2024an I+G teknologikorako emandako 145 milioi euroko laguntzek 265 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu dute. Eusko Jaurlaritzak berrikuntza teknologikoan inbertitzen duen euro publiko bakoitzeko, enpresek ia bi euro jartzen dute”.

Bestalde, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarekin berrikuntzan garrantzi estrategikoa duten arloak zehazteko egindako lankidetza-lanaren garrantzia azpimarratu du. Tamaina handiko eta diziplinaz gaindiko proiektuak egingo dira, eta ikertzaile ugarik parte hartuko dute. Pérez Iglesias sailburuaren ustez, hori da bidea berrikuntza benetan disruptiboak sortu ahal izateko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)