Lehendakariak "Europan punta-puntan kokatuko gaituen" enpresa eredu gizatiar eta lehiakor baten alde egin du

Argitalpen-data: 

Imanol Pradales Lehendakariak parte hartu du, gaur, Chillida Lekun, Artizarra Fundazioak “Do Tank” lelopean antolatutako foroan. Pradalesen ustez, enpresen filosofia garai berrietara egokitu behar da, eta horretarako bidea da enpresetako arduradunek eta langileek euren ahaleginak lotzea proiektu komun baten aldeko konpromisoa hartzeko. “Gure produktibitatea, lehiakortasuna eta langileen lan baldintzak hobetzeko bide bakarra da”, iritzi dio.

Lehendakariak adierazi duenez, enpresak diren “pertsonen komunitate” horiek giltzarri izango dira Euskadi Europaren birjaiotze industrialaren protagonista izan dadin. “Estrategia partekatu eta anbiziotsu batean sakondu behar dugu, garapen teknologiko-zientifiko-industrialari lotutako aukerak aprobetxatu ahal izateko. Estrategia horrek enpresen lehiakortasuna bultzatuko du, eta Europan, iparraldetik hegoaldera, punta-puntan jarriko gaitu”, azaldu du.

Gaur Chillida Lekun elkartu den enpresa-ordezkaritzari zuzendu zaie Lehendakariak. “Gaur hemen zaudetenok asko daukazue emateko. Protagonistak eta liderrak zarete zuen konpainietan. Enpresa alorretik eta gizarte zibiletik protagonismo eta lidergo handiagoa hartu behar duzue erakunde publikoekin batera”. Pradalesek bide horretan Jaurlaritzaren gertutasuna eta babesa eskaini ditu.

Enpresa-eredu humanoagoa eta parte-hartzaileagoa

Beste erronketako bat, Pradalesen iritziz, “Euskadik euskal enpresa-eredu gizatiarrago baterantz aurrera egitea” da. Horrekin batera, behar-beharrezkoa da, Lehendakariaren hitzetan, “euskal enpresen errotzearen eta hazkundearen zerbitzura finantza-tresna berriak artikulatzea, inbertsio produktibo berriak erakartzea eta laguntzea, edo talentua mantentzea eta erakartzea”.

Kontzertu ekonomikoari buruzko akordioa

Imanol Pradalesek aste honetan bertan Eusko Jaurlaritzak Espainiarekin lortu duen akordio garrantzitsua aipatu du. Horren haritik, akordio horrek Euskadiri eskaintzen dizkion aukerak nabarmendu ditu: “Batetik, gure Foru Ogasunentzako autonomia eta arautzeko gaitasun handiagoa; eta, bestetik, Euskadik Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza Gaien Kontseiluan parte-hartze handiagoa izatea, Goi Mailako Taldeak barne. Lehen aldiz, gainera, OCDEko fiskalitate foroetan parte hartu ahal izango dugu”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)