Lehen lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, Sestaoko Labe Garaia parkearen inaugurazio ekitaldian parte hartu du eta herritarrek jada goza dezakete parke berriaz

Argitalpen-data: 

  • Sestaoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, 5 milioi euroko inbertsioa egin du parkea egikaritzeko
  • Eusko Jaurlaritzak sustatutako BERPIZTU programaren esparruan, eskualdearen garapen sozioekonomikoa industria-ondarea berreskuratzearen bidez sustatzea izan du helburu inbertsioak

Bi urteko obrak eta 5 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Sestaoko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker, Labe Garaia Parkea inauguratu du gaur, Labe Garaian eta ondoan bisitarien harrerarako eraiki den eraikin berrian sartzeko ate bihurtuko den gune publikoa.

Parkeak 10.000 metro koadroko azalera du, eta bi sarbide: lehenengoa Iberia kalearen behealdean dago, eta bigarrena, berriz, datozen egunetan abian jarriko den igogailuak eta La Benedictarako sarbidean eraiki diren eskailera batzuek osatzen dute.

Guneak argiteria publikoa eta berdeguneak ditu. Erdialdean plaza bat dago, eta bertan jarduera soziokulturalak antolatzea dago aurreikusita. Aurki, gainera, hiri-altzariak jarriko dira, hala nola eserlekuak, paperontziak eta iturri bat.

Labe Garaia Parkea 2018. urtera arte ArcelorMittal enpresarenak izan ziren lursail batzuetan gaitu da. Urte horretan, altzairutegiaren mugak zehaztasun handiagoarekin ezarri zituen birpartzelazio-proiektu bat onartu zen. Hirigintza-tresna horri esker, gune hori libre geratu zen Sestaoko herritar guztiek hartaz gozatu ahal izateko.

Garai batean jarduera siderurgikoa izan zuten lurrak deskontaminatu ondoren, Udalak lurzorua urbanizatu du erabilera berri bat emateko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren (Euskadin egoera ahulean dauden eremuak bultzatzeko Berpiztu programaren bitartez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa jaso du.

Parkearen eraikuntzarekin, Gobernu Taldeak bete egin du Labe Garaia behar bezala urbanizatutako sarbide batez hornitzeko hartutako konpromisoa. Horri esker, Labe Garaia bisitatzeko moduko gune bihurtuko da. Aurreikusitakoaren arabera, gainera, aurki hasiko da monumentua birgaitzeko lanen azken fasea, 2026. urtera arte iraungo duena.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)