Laudio Bidelagun ekimenaren ebaluazioa

Argitalpen-data: 

Laudio Bidelagun ibilaldi partekatuak sortzeko proiektua da, udalerriko aktibo komunitario askoren parte-hartze eta lan koordinatuari esker antolatzen dena, eta horrek gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko lana edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa bultzatzen ditu. 2024ko otsailaren 5ean jarri zen martxan. Ordutik 3 ibilaldi osatu dituzte eta horien ebaluazio txiki bat egin dute 39 pertsonek erantzundako galdetegiari esker.

Partehartzeak gora egin du ibilaldi bakoitzean, eta guztira 135 pertsonek hartu dute parte, 103 emakume eta 32 gizon. % 24ak ibilbide bi edo gehiagotan parte hartu du eta % 76ak ordea, ibilaldi bakarrean. Talde dinamizatzailea osatzen dutenen gogobetetasun maila (hamarretik) 9,7koa izan da, eta erabiltzaileena 9koa. 

Datu horiek ezagututa, talde dinamizatzaileak eta koordinatzaileak proiektuarekin aurrera jarraitzea adostu dute. Udara arte beste 5 ibilaldi data ezarri dituzte, eta erabiltzaileek proposatutako hobekuntzei erreparatuz, zenbait berrikuntza gehituko dituzte:

  • Ibilaldi bat asteburuan izango da, Laudioko herritar gehiago Laudio Bidelagunen parte hartu ahal izateko. 
  • Maiatzaren 9, osteguna, azoka eguna, stand txiki bat jarriko dute proiektua ezagutzera emateko.
  • Karteletan hurrengo 5 ibilaldien egutegia jarri eta talde dinamizatzailearen izena agertuko da.

 Laudio Bidelaguneko talde sustatzaileak Laudioko herritar guztiei gonbitea luzatzen die apirilaren 24an, asteazkena, goizeko 10etan udaletxeko plazatik irtengo den ibilaldian parte hartzera.