LAP Foroa eta genero-ikuspegia: berdintasunezko prebentzioa kalitatezko prebentzioa da

2024ko azaroaren 20an, asteazkena, Bilboko Yimbi aretoan El Correo Foroa egin zen, laneko arriskuen prebentzioari (LAP) buruzkoa, generoaren ikuspegitik. Foro hori Osalanek antolatu zuen, eta sektoreko aditu eta profesional nabarmenek parte hartu zuten, genero-berdintasuna prebentzioaren kudeaketan txertatzeko moduari buruzko ezagutzak eta esperientziak partekatuz.

Jardunaldia 2. lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak inauguratu zuen, eta Laneko Arriskuen Prebentzioan genero-ikuspegia aplikatzearen garrantzia nabarmendu zuen, gizonei eta emakumeei laneko segurtasunean eta osasunean ahalik eta babes handiena bermatzeko. Arlo horretan behar bezala jarduteko, funtsezkoa da emakumeen eta gizonen lan-eremuko egoera ezagutzea, eta hori 2020az geroztik egin da Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2021-2026 Euskal Estrategiarekin eta Osalanen 2022-2024 Berdintasunerako Planarekin.

Ondoren, UPV/EHUko Yolanda González Rabagok biztanleria migratzaileari buruzko azterlan bat aurkeztu zuen, genero-ikuspegitik. Bertan, emakumeen eta gizonen artean arriskuen pertzepzioan eta lan-osasunean dauden kalteetan dauden aldeak nabarmendu zituen, baita adina eta migrazio-estatusa bezalako faktoreen eragina ere.

Jarraian, Osalaneko Alazne Azpiroz Unsainek emakumeen eta gizonen lan-eremuko egoerari buruzko azterlan baten ondorio nagusiak azaldu zituen. Azterlan hori duela gutxi eguneratu da.

Foroaren bigarren zatian, enpresetan aplikazio praktikoa egiteko sentsibilizazio-tresnak garatu ziren. Osalaneko arloko arduradun Victoria Álvarezek Osalanek enpresen eskura jartzen dituen hainbat azterlan eta tresna aurkeztu zituen, genero-ikuspegia Laneko Arriskuen Prebentzioan txertatzeko 12 urratseko bideo bat barne. Ondoren, Susana Federío Arosteguik, Eraikuntzaren Lan Fundazioko zuzendari gerenteak, bere erakundearen esperientzia partekatu zuen laneko segurtasun eta osasunaren arloko proiektu berritzaileen inplementazioan, eraikuntzaren sektorean aitzindaria den Berdinduz proiektua nabarmenduz.

Lourdes Íscar Reina Osalaneko zuzendari nagusiak itxi zuen jardunaldia, lehendakariordeari eskerrak emanez bere hitz inspiratzaileengatik, eta Osalanek Laneko Arriskuen Prebentzioan genero-berdintasunarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Era berean, nabarmendu zuen 2010etik Osalanek azterlan eta material ugari garatu dituela helburu horretan aurrera egiteko, eta erakunde, gizarte-eragile eta profesional guztien lankidetza funtsezkoa dela emakumeek gizonek duten babes-maila bera izan dezaten beren lan-osasunean.

Foroa galdera-erantzunen saio batekin amaitu zen, eta bertaratutakoek aukera izan zuten hizlariekin elkarreragiteko eta jardunaldian landutako gaietan sakontzeko. Ekitaldi hori urrats garrantzitsua izan da genero-ikuspegia lan-arriskuen prebentzioan txertatzeko, eta lan-baldintza egokiak sustatu dira, osasunean kalteak prebenitzeko eta enpresetan eta erakundeetan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena desagerrarazteko.