Erabaki horrek berekin dakar programen gauzatzeko epea 6 hilabetetan luzatzea eta, horrela, bermatzea onuradunek behar duten laguntza modu eraginkorrean jasotzen dutela Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak erabaki du 396.463,07 eurotan handitzea honako dirulaguntza hauen zenbateko osoa: bazterkeria-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza-programa esperimentalak finantzatzeko bideratuak.
Erabaki horri esker, beste sei hilabetez finantzatu ahalko da ibilbide mistoen proiektu horien gauzatzea eta, horrela, bermatuko da onuradunek behar duten laguntza modu eraginkorrean jasotzen dutela. Zehazki, hamalau programa aukeratu ziren zuzeneko diru laguntza horiek jasotzeko, hiru lurraldeetan banatuta. Aipatutako zuzkiduraren handitzea salbuespenezkoa da; eta arrazoi nabarmenak daude interes publiko aldetik, baita sozialetik zein ekonomikotik ere.
Programa horiek hainbat kolektibori zuzenduta daude, hala nola gaixotasun mentala duten pertsonei, kualifikazio urriko gazteei edo babes-sistematik datozenei eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei, besteak beste.
Zuzeneko diru laguntza horiek handitzeak bi helburu nagusi ditu: Alde batetik, hasieran aurreikusitako laguntza-aldia luzatzea (hartzaileen enplegagarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzen dela bermatzeko, eta, hala, hasitako laguntza-prozesuak ez hausteko); eta, bestetik, sistemen arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratzea (lehentasunezko arretako kolektiboen enplegua sustatzeko programak abian jartzeko).
Beti ere, 15/2023 Enpleguaren Legean jasotako aurreikuspenei jarraituta. Euskal gizarteak hainbat estrategia garatu behar ditu desberdintasun- eta bazterketa-arriskuari aurre egiteko eta biztanleria ahulenaren babesari eusteko; batez ere, gizarteratze-sistema eta sistema hori egituratzen duten eragileak indartuz.
Zeren eta, azken urteotan, kolektibo horien premiak areagotu egin baitira, gizarteak bizi duen krisi-egoeraren ondorioz. Beraz, horrelako proiektuak garatzen eta gauzatzen jarraitzeak laguntzen du ondorio horiek arintzen, betiere sareko lan baten bidez. Horrela, hainbat zaurgarritasun dituzten pertsonen premia ugariak erantzun ahalko dira.