- Lana duten emakume gazteek kalitate okerragoa dute, eta aldi baterako kontratuen eta lanaldi partzialen ehuneko handiagoak
- Kontratu mugagabea duten gazteen ehunekoak ehuneko 15 puntu baino zertxobait gehiago egin du gora 2021. urtearekin alderatuta
- 18-34 urteko soldatapeko batek etxebizitzaren hileko kuota bakarrik ordaintzeko erabiltzen duen batez besteko soldata garbiaren ehunekoa %64a da hipoteka badu, eta %49,5a alokairu-kuota badu
Gazteen Euskal Behatokiak bi lan berri argitaratu ditu: ‘Euskadiko gazteak lan-merkatuan. 2023ko Lan Merkatuaren Zentsuaren azterketa’ eta ‘Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2023’.
Gazteen enpleguan desberdintasunak daude batez ere adin-tartearen arabera. Horrela, 25 urtetik beherako pertsonek batez ere ikasi egiten dute, eta urteak bete ahala lan-merkatuan sartzen dira. Berez, enplegua zuten 30 urtetik 34 urtera bitarteko pertsonen ehunekoa % 83,6koa zen 2023an, eta 35 urtetik 64 urtera bitarteko pertsonen ehunekoa (% 78,3) baino handiagoa da. Horixe da ‘Euskadiko gazteak lan-merkatuan. 2023ko Lan Merkatuaren Erroldaren analisia’ azterlanak uzten duen datu azpimarragarrietako bat. Ikerketa hori Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Lan Merkatuaren Erroldari buruzko Inkestan jasotako datuetan oinarritzen da, zehazki eskaintzari buruzkoetan, gazteei dagozkien emaitzak ustiatzeko.
Behatokiak argitaratu berri duen azterlan honen beste ideia nagusia gizon eta emakume gazteen arteko desberdintasunei buruzkoa da. 2023an, lanean ari ziren gizon gazteen ehunekoa emakumeena baino handiagoa zen (% 45,1 eta % 38,3, hurrenez hurren). Emakumeen artean jarduerarik ezaren indize handiago hori goi-mailako ikasketetan presentzia handiagoa izatearen ondorio da.
Lana zuten emakume gazteek kalitate okerragoa zuten, eta aldi baterako kontratuen eta lanaldi partzialen ehuneko handiagoak zituzten. Gainera, hilean 1.500 eurotik gora kobratzen zituzten gizon gazteen ehunekoa emakumeena baino lau puntu handiagoa zen.
Norberaren konturako lana edo enpresa pribatuetan soldatapeko lana ohikoagoa zen gizon gazteen artean emakumeen artean baino; emakumeen ehunekoa handiagoa zen administrazioko soldatapekoetan. Gainera, emakumeek gizonek baino askoz gehiago lan egiten zuten zerbitzuen sektorean, eta gizonek baino gutxiago industrian edo eraikuntzan. Goi-teknologiari lotutako lanak ohikoagoak ziren gizonen artean emakume gazteen artean baino.
2023an, inkestari erantzun zioten 16 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen % 41,8 okupatuta zeuden, % 6,4 enplegu-bilaketa aktiboan zeuden eta % 51,8 ez-aktibo zeuden, nagusiki ikasleak zirelako. Okupazio horrek gora egin du azken urteetan, ekonomiaren oparotasunagatik; 2019an okupazioa % 38,4koa zen. Lau urte horietan, langabezian zeudenen ehunekoak ehuneko hiru puntu egin du behera, eta 2023an % 6,4koa zen.
Lortzen duten enplegua kontuan hartuta, 2023an lan egiten zuten hamar gaztetik zortzik soldatapeko gisa lan egiten zuten enpresa pribatuetan, 2019an eta 2021ean erregistratutakoen antzeko ehunekoetan. Gainera, gehienek zerbitzuen sektorean lan egiten zuten (% 77,6). Bestalde, soldatapeko lau gaztetik hiruk lanaldi osoan lan egiten zuten (% 73,8).
Kontratu mugagabea zuten gazteen ehunekoak nabarmen egin zuen gora 2021 eta 2023 artean, 15 puntu baino zertxobait gehiago, alegia. 2023an, lanean ari ziren hamar gaztetik seik (% 61) kontratu mugagabea zuten, abenduaren 28ko 32/2021 Errege Dekretua, lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurriena, indarrean sartu izanari esker.
Soldatari dagokionez, gazteen laurdenak bakarrik adierazten zuen hilean 1.500 eurotik gorako diru-sarrera garbiak zituela (% 23,9). Eta oso gutxi ziren, aurreko urteetan bezala, bere enpresan zuzendaritza-karguak betetzen zituzten gazteak (% 2,1).
Ikasketa-maila alde batera utzita, lanean ari ziren gazteen erdiek adierazten zuten lanean gaztelania adina edo gehiago erabiltzen zutela euskara (% 51,1).
Gazteak langabezian
Lan bila urtebete baino gehiago zeramaten gazte langabeen ehunekoa % 34,9ra arte jaitsi zen.
2023an, langabezian zeuden lau gaztetik hiruk lan-esperientzia zuten aurretik, eta gutxiengoa ziren prestazio, sorospen edo laguntza ekonomikoren bat jasotzen zutenak (% 17,9). Gainera, langabezian zeuden gazte gehienak Lanbiden eta/edo SEPEn erregistratuta zeuden enplegu-eskatzaile gisa (% 83,0).
Arrazoiei dagokienez, langabezian zeuden gazteen ustez, enplegua aurkitzeko euren oztopo nagusia lan-esperientziarik eza zen, eta, berez, uste zuten hori zela oraindik lanik ez aurkitzeko arrazoi nagusia.
Emantzipazioa
Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu duen bigarren azterlanean, egoitza-emantzipazioaren kostua aztertzen da. Txosten horren arabera, etxebizitza libre bat eskuratzeko, 18 eta 34 urte bitarteko pertsonek soldataren % 64 hipoteka ordaintzeko erabili behar zuten 2023an, eta % 49,5 alokairua ordaintzeko. Hain zuzen ere, etxebizitza eskuratzea da gazteen autonomia lortzea eta helduarora behin betiko igarotzea definitzen duten alderdietako bat.
Adinak gora egin ahala, soldatek ere gora egiten dute, eta, beraz, etxebizitza eskuratzeko kostua txikiagoa da, erosteko nahiz alokatzeko aukerari dagokionez; hala ere, merkatu libreak 30 eta 34 urte bitarteko pertsonak ere gainzorpetze-egoeran jartzen ditu etxebizitza bakarrik ordaintzeko.
Gizon eta emakume gazteen arteko soldata-desberdintasunek, halaber, bakarka emantzipatzeko zailtasun handiagoak dakarzkie emakumeei.
Espazio bateratua
Emantzipazioaren esparruari dagokionez, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak espazio bat sortzea aurreikusi du Gazteen Euskal Behatokiaren barruan, gai honi buruz egin diren txosten guztiak biltzeko, dagoen informazioa bateratzeko eta txosten orokor bakarra garatzeko. Txosten horretan, besteak beste, enpleguari, lan-merkatuari edo etxebizitzari buruzko txosten partzialak jasoko dira, kontziliazioa edo zaintza bezalako aldagaiak kontuan hartuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)