JULIÁN ARRATE "GURE HELBURUA BETI IZAN DA AUZOLANEAN ARITZEA"

Argitalpen-data: 

Lekitto Bedarra sariaren irabazle

Lekitto Bedarra taldeko ordezkariak, Julian Arratek, Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria 2023 jaso du talde osoaren izenean. Ekitaldia, gaur, otsailak 2, Lekeitioko osoko bilkura aretoan burutu da Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaria, eta Ander Aldazabal, Lekeitiko Alkatearekin batera.

Ekitaldiari hasiera Ander Aldazabalek eman dio “Zorionak ematea baino ez daukagu. Badakigu zenbat kostatzen den horrelako sari bat lortzea, eta are gehiago egon den mailarekin”. Zoriontzeaz gain, taldeak egiten duen ekarpena nabarmendu nahi izan du: “Taldeak egiten duen ekarpena sekulakoa da. Bereziki azpimarratu nahi dut auzolanean egindako lana: hori da gure nortasuna eta hori da lortu behar duguna. Gu ere horretan gabiltza udaletxean. Auzolanean dabilen herria aberatsago, osasuntsuago eta arduratsuago da. Besterik barik, zorionak.”

Aldazabalen zorion hitzetatik, Olabarrietaren hitzetara. Lekitto Bedarrak egiten duen lana goraipatu du: “Badakigu lan hau oso garrantzitsua dela taldearentzat eta argi dago bere fruituak ematen ari den proiektu bat daukazuela esku artean”, eta gehitu du "gure departamentuarentzat, Lekitto Bedarra bezalako talde bat edukitzea harro egoteko seinale da, pertsona nagusiak auzolanean, zahartze aktibo eta osasuntsu bat sustatuz."

2024 02 02 DSC07885

Olabarrietaren hitzen ondoren, Julian Arrate protagonista duen ondarearen bideoa proiektatu da. Bideo honetan, Lekitto Bedarrako kideek baratzean auzolanean burutzen duten lana erakusteaz gain, ortuan ekoizturiko produktuen banaketa nola egiten duten erakusten da. 2023ko "Parte-hartze soziala eta herritartasun aktiboa" erronkari dago zuzenean lotuta. Euskadi Lagunkoiaren ekimen honek ia ahaztuak dauden ofizioak eta orain parte-hartzearekin, euskal gizarteari ekarpena egiten dioten pertsonen testigantzak biltzen ditu.

2024 02 02 DSC08102

Jarraian, Marian Olabarrietak Julian Arrateri eman dio saria, egurrez eginiko lagunkoitasun garaikurra. Arratek argi esan du beste behin ere sari hau eurek irabazi duten arren denena dela eta horregatik nahi izan dutela eragile guztiak bertan egotea: “Aurrean jarrita ditut aurten eragile modura ekarpen asko egin dituzten pertsonetako batzuk. Esaterako Lami proiektua egiten ibili gara, eta proiektu horretan bidelagun izan ditugu Bizkaia Garako boluntarioak”. Hori horrela, Maria Gutierrezi eta Minerva Leoni, eta eskualdeko jubilatuen elkarteko presidente eta Lagunkoi Bizkaiako zuzendaritzako kide den Maite Zabalari ohorezko zapia eman diete egindako lanagatik. Horrez gain, Anton Onaindiari ere eskerrak eman dizkiete: “Hainbat ekintza egiten lagundu digu, ikastaroak eman ditu eta berak mantentzen du berreskuratu genuen parkea ere, beraz, eskerrik asko”.

2024 02 02 DSC08040

2024 02 02 DSC08044

Bukatzeko, Arratek auzolanean jarraituko dutela azpimarratu du, horretarako ordea, beharrezkoa da "hasierako espiritua berreskuratzea" eta gehitu du “jendea taldera batzea behar dugu, oraintxe sartu dira bizpahiru neska, baina erronka oraindik handia da. Sariek ospea eta bultzadatxoa ematen digute, baina guretzako onena izango litzateke jende berria etorri eta taldeak aurrera jarraitzea. Beraz, erronka asteroko batzarrei eutsi, eta antolatzen ditugun ekintzak antolatzen jarraitzea da”.

2024 02 02 DSC07806