- Gailurrera iritsitakoan, 20 urte bete dituen tradizioa, Bizkaiko Batzar Nagusiak adar-soinuen bidez deitzekoa, bete da
- Datorren urtean Durangoko Alpino Tabira elkartea arduratuko da Oiz mendirako igoera prestatzeaz
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Batzar Nagusiak biltzeko egin ohi den adar-soinuen zeremonia tradizionalean izan da gaur goizean. Erritu herrikoi hori 2004an hasi zen erakundea berrezarri zeneko 25. urteurreneko ekitaldien barruan, eta aurtengo edizioa Sollube mendian egin da.
Elezaharraren arabera XIV. eta XV. mendeetan Gernikan egiten ziren bileretarako deia iragartzen zuen bozina-hotsak bideratu du gaur goizean Deiadar Mendien Eguneko ospakizun berezi horretan parte hartu duten guztien mendi-igoera.
Ekitaldia Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu dute lurraldeko sei mendizale-elkarterekin lankidetzan: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo), Alpino Tabira (Durango) eta Tallu Mendizale (Mungia). Bertan, eguerdiko hamabietan, egun horretarako bereziki egin zen eta urtero deiadar mendi batetik bestera eramaten den adarra jo da.
Sollube mendiaren gailurreko adar-soinuen ostean, Sollube 707 mendizale-elkarteak Durangoko Alpino Tabira elkartearen ordezkariari eman dio lekukoa, datorren urterako aurreikusita dagoen Oiz mendirako igoera antolatzeko, era horretara deiadar mendietara igotzeko zikloarekin jarraituz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)