Jokin Bildarratzek Tolosako Paper Eskola bisitatu du

Argitalpen-data: 


      Bildarratz_Paper_Eskola1.jpg
  • Lanbide Heziketako ikastetxe hau Tolosaldea LHII-ren egituran integratuko da 2024-2025 ikasturtean
  • Ziklo berriak ezarriko dira eta prestakuntza-eskaintza indartuko da, arlo hauetan: Jarduera Fisikoak eta Kirolak, Kimika eta Informatikan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Tolosako Paper Eskolaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Lanbide Heziketako ikastetxe honek 60 urte inguruko historia du Tolosan, eta paperaren industriak eskualde osoan izan duen indarraren ikur izan da. Gaur egun, Errenteriako Don Bosco Lambide Heziketako Ikastetxe Integratuaren egituran barneratuta dihardu lanean. 2023-2024 ikasturtean 53 ikasle dituela, Kimika arloko bi heziketa-ziklo ematen ditu: Kimika Instalazioko erdi-mailako ziklo bat eta Industria Kimikako goi-mailako ziklo bat.

2024-2025 ikasturteari begira, Tolosako Paper Eskolak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu. Ikasturte berriarekin batera, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan sartuko da (Tolosan dago hori ere), eta titularitate-aldaketa horrekin, prestakuntza-eskaintza zabaltzen hasiko da. Era honetan, gainera, eskualdean bertan kokatutako eta errotutako zentro integratu batetik (Tolosaldea LHII-tik) kudeatu ahal izango dira eskualdean antzematen diren prestakuntza-premia guztiak.

Hezkuntza Saila lanean ari da, eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean, 2024-2025 ikasturterako Jarduera Fisikoak eta Kirolak, Kimika eta Informatika arloetako ziklo eta espezializazio-ikastaro berriak martxan jartzeko eta indartzeko. Aurrerago, halaber, Tolosan Gastronomiaren arloko prestakuntza-zikloak ezartzea ere aurreikusten da, bai sukaldaritzan, bai gozogintzan eta konfiterian. Horrela, azken artisau-jarduera horiek herri honetan duten tradizio zabalari jarraipena emango zaio. Informatikaren esparrua ere indartuko da, arlo horretako espezializazio-ikastaroak ezarriz (Adimen Artifiziala; Zibersegurtasuna; Industria Adimendunak; eta 5.0 Konektibitatea).

Ikastetxe honetan Kimikaren familiako irakaskuntzak mantenduz eta indartuz (paperaren industriari zuzendurikoak), gaur egun eraikin honetan martxan dagoen LabPaper paperaren laborategiaren funtzionamendua ere bermatuko da. Eskualdeko enpresen zerbitzura ari da LabPaper laborategia, eta pastaren, paperaren eta erlazionatutako produktuen arloetan saiakuntzak eta karakterizazio-lanak egiteko interesa duten enpresen eskura jarrria dago. Paper Eskola Indartzeko Elkarteak kudeatzen du, eta Hezkuntza Saila ere elkarte horretako kide da, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen artean.

Paper Eskolara egindako bisitan, Bildarratz sailburua eta Arevalo sailburuordea Tolosaldea eta Don Bosco ikastetxeetako zuzendariekin elkartu dira, Iñaki Pakea eta Carlos Lizarbe, hurrenez hurren. Elkarrekin aztertu dituzte Tolosaldeko egungo eta etorkizuneko prestakuntza-eskaintzari buruzko gai horiek guztiak, bai eta Tolosaldea LHIIn integratuko diren gune berri hauei esker eskaintza zabaltzeari buruzkoak ere.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)