Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Eider Hurtado kazetariak elkarrizketatu du gaur goizean RadioEuskadiren Boulevard saioan. Elkarrizketan zehar, Euskadiren turismo-ereduaren jasangarritasuna nabarmendu du sailburuak. Azpimarratu du turismoaren gaineko zerga, gaua igarotzen den udalerriaren onurarako ez ezik, inguruko udalerrientzat ere erabiltzea garrantzitsua dela.
Hurtadok azaldu duenez, egonaldi turistikoetarako zerga horrek sortutako diru-sarreren zati handi batek eragin positiboa izan behar du udalerrietan, gune turistikoen garapena ahalbidetuta eta zerbitzuak hobetuta. Gainera, adierazi du Euskadiko turismoa kudeatzeko ikuspegiaren helburua dela sektorearen hazkundea eta ingurumen-jasangarritasun eta gizarte-ongizatea orekatzea.
Bestalde, sailburuak egungo eta aurreko legegintzaldien arteko ezberdintasunak nabarmendu ditu: pandemia betean hasi zen aurrekoa, eta, jakina, lehentasunak beste batzuk ziren. Sailak 150 milioi euro baino gehiagoko erresistentzia-plan baten bidez lagundu die sektoreei eta, hala, krisiari aurre egin eta krisitik atera dira. Adierazi duenez, legegintzaldi berri honen abiapuntua, aldiz, Euskadik historian izan duen turismo-industriaren egoerarik onena da, eta horrek sektorea bultzatzea ahalbidetzen du, asmo handiko epe luzerako estrategia baten bidez.
Halaber, hauteskundeen ostean eta herritarren konfiantzari esker sozialistek egungo Eusko Jaurlaritzan hartu duten pisu handiagoa azpimarratu du sailburuak.«Horrela, politika aurrerakoi eta zeharkako politikagehiago hedatzeko aukera dugu, eta gure herritarren bizitza hobetzen lagunduko duen aztarna soziala du».
Amaitzeko, sailburuak adierazi du legegintzaldi hau energia berriekin, talde berrituekin eta egoera ezin hobean hasi dela, gure sektoreei bultzada sendo bat emateko eta herritarren ongizatea hobetzen laguntzeko.
Elkarrizketa osorik entzun nahi baduzu, honako esteka honetan duzu: https://www.eitb.eus/es/radio/radio-euskadi/programas/boulevard/audios/detalle/9605819/audio-entrevista-completa-al-consejero-javier-hurtado-en-radio-euskadi
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)