Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Mugikortasunaren Europako Asteko ibilgailu eta jarduera jasangarrien erakusketaren inaugurazioan izan da gaur Bilbon, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru-diputatuarekin eta Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziarekin batera. Erakusketan, Euskadik lurraldea sustatzeko stand bat du, eta bertan, zehazki, Grand Tourra, sustatzen da, Euskadin zehar mugitzeko 8 ibilbide turistikok osatzen dutena eta auto elektrikora eta bizikletara egokituta dagoena.
Sailburuak mugikortasunaren aste honetako leloa azpimarratu, Espazio Publiko Partekatua, eta “ezin egokiagoa” dela esan du. 2030 Merkataritza Estrategiak azpimarratzen du merkataritza-politiken ardatz nagusia hiri-espazioa izan behar dela. Funtsezkoa da hiri-espazioa pertsonentzat berreskuratzea, eta horretan funtsezkoak dira mugikortasun jasangarriko politika ausartak, Bilbo bezalako hiriak ezartzen ari direnak, Nora Abete arloko arduradunak lideratuta”.
Sailburuak azaldu du azterlanek erakusten digutela mugikortasun jasangarriko, kaleak oinezkoentzat jartzeko eta hiri-jasangarritasuneko politikek merkataritzako eta ostalaritzako negozioen onurak areagotzen dituztela. “Eta, hori dela eta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik gure udalerriekin dugun lankidetza indartzen jarraituko dugu neurri horiek eta merkataritza dinamizatzeko beste batzuk bultzatzeko. Adibide bat jartzearren, Bilborekin elkarlanean azkena onartutako proiektua hutsik dauden lonjak, merkataritzarako erabiltzeko, birgaitzekoa izan da, eta 150.000 euro bideratu ditugu horretara”, esan du amaitzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)