Gobernu Kontseiluak, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak proposatuta, argi berdea eman dio gaur ACNUR – Euskal Batzordeari 50.000 euroko zuzeneko dirulaguntza emateari, Ukrainako gatazkaren ondorioz errefuxiatuak eta desplazatuak babestu eta larrialdiko laguntzak emateko.
Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioak (ACNUR) laguntza eskatu du Ukrainan zaurgarritasun-egoeran dauden nazioarteko babesaren eskatzaileak babesteko eta haiei laguntza emateko, eta Eusko Jaurlaritzak ere bat egin du larrialdi-deialdi horrekin, herrialde mugakideetan errefuxiatuta dauden biztanleak nazioartean babesteko prozesuan laguntzeko, Ukrainako Larrialdiaren testuinguruan oinarrizko premiak dituzten zerbitzuetarako sarbidea bermatuz.
ACNURen arabera, 14,6 milioi pertsonak baino gehiagok (Ukrainan bizi diren ukrainarren % 40 inguru) laguntza humanitarioa beharko dute 2024an.
Eusko Jaurlaritzak, 2022ko martxoan, Ukrainako inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonei harrera egiteko Euskadiko Bigarren Kontingentzia Plana aurkeztu zuen, Ukrainako inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonek jasaten duten krisi humanitarioari eman beharreko erantzun soziala, politikoa, erakundeartekoa eta sailartekoa modu partekatuan bideratzeko.
Ekintza humanitarioaren ardatzean aurreikusitako jardueren artean, Eusko Jaurlaritzak une bakoitzean eta Europan nazioarteko babesa bilatzen ari diren pertsonek pairatzen dituzten bidegabekeriei dagokienez premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoeren aurrean arintasunez eta presaz erantzuteko bere gain hartzen duen konpromiso proaktiboa dago.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)