- Ekonomia eta Europako Funtsetako sailburuordeak adierazi du politika publikoaren esku-hartzea funtsezkoa dela teknologia- eta klima-eraldaketek kolektibo kalteberenetan dituzten inpaktuak arintzeko
- Sara de la Ricak esan du politika publikoa “bereziki garrantzitsua” dela enpresen transmisioan, beren ekintzaileen erretiroaren aurrean
Enplegua edozein gizartek eta, nola ez, Euskal Autonomia Erkidegoak duen erronka bat da. “Datu makroekonomiko onak mikroekonomiara eramatea da gure nahia; hau da, pertsonetara. Eta, horretarako, enplegua sortu baino, kalitatezko enplegua sortu beharra dago”, adierazi du gaur Ekonomia eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Ruizek, Ekonomiaz aldizkariaren 105. alea aurkezteko Vitoria-Gasteizen egin den ekitaldian.
“Enplegua Euskadin eraldaketa demografiko, teknologiko eta klimatikoaren aurrean” izeneko ale berriak aipatu hiru alderdietako biren (teknologia- eta klima-eraldaketak) ondorioz gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko globala aztertzen du. Erronka demografikoarekin batera lan-merkatuan “desberdintasunak” sor ditzaketen aldaketak dira, Ruizen esanetan: “Politika publikoaren esku-hartzea erabakigarria izango da kolektibo kalteberenek, hau da, enplegu berri bat lortzeko aukera gutxien dituzten horiek pairatuko dituzten inpaktu negatiboak arindu ahal izateko”.
Testuinguru horretan, esan du Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu osotik gertu gauden arren, “ez luketela horrekin konformatu nahi”. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak legegintzaldi honetarako duen konpromisoa da hazkunde ekonomiko jasangarri bat bultzatzea eta kalitatezko enplegua sortzea. Izan ere, dagoeneko lanean dihardu erakunde publiko eta gizarte-eragileekin batera enplegu-politika publikoen exekuzioa hobetzeko xedearekin.
Politika publiko garrantzitsuak
Ekonomiaz aldizkariko koordinatzaile eta Iseakeko zuzendari Sara de la Ricak adierazi du politika publikoa “bereziki garrantzitsua” bilakatzen dela enpresen transmisioan, beren ekintzaileen erretiroaren aurrean, enpresa ugariren jarraipena trantsizio horren mende baitago: “Politika publikoak funtsezko paper bat dauka baliabideak, heziketa eta aholkularitza eskaintzen baititu ondorengotza egokiro planifikatzeko eta enpresaren finantza-egonkortasuna bermatzeko orduan”.
De la Ricak, halaber, “sandwich efektua” delakoaz ere ohartu du, erretirorako trantsizioan eta zahartzaroko finantza-likidezian izan dezakeen inpaktua dela eta, erdiko belaunaldiek erretiroan dauden beren gurasoak eta beren seme-alabak aldi berean zaindu behar baitituzte.
Ekonomiaz aldizkariko koordinatzaileak uste du presio horrek beren erretiroa planifikatu eta beren baliabideak eraginkortasunez kudeatzeko ekintzaileek duten gaitasunean eragin dezakeela, erretiroaren osteko beren bizitza zailduz. Eta uste du ere politika publikoek “halabeharrez” identifikatu behar dituztela gizartearen behar espezifikoak adimen artifiziala era ezin hobean integratzeko eta, horretarako, “funtsezkotzat” jotzen du langileak digitalizazioari dagokionez gaitzea, langileak enplegu berrietarantz berrorientatzea eta heziketa lan-merkatuaren eskaeraren arabera egokitzea.
Horrez gain, Iseakeko zuzendariak adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoak “posizionamendu on batez” gozatzen duela nazioarteko merkatuetan, energiaren sektoreko enpresa eta eragile zientifiko-teknologikoak biltzen dituen bere sare “indartsuari” esker. Horrexegatik, egungo bidean jarraitzera eta garbiagoa den ekonomia bateranzko trantsizio energetikoa ikusgai egitera deitu du.
Enplegu-politika aktiboak
Alfonso Gurpeguik, bere aldetik, esan du “Eusko Jaurlaritzak azken urteotan garatu dituen enplegu-politika publikoen xedea dela eraldaketa teknologiko-digitalak, energetiko-klimatikoak eta demografikoak planteatzen dituzten erronkei aurre egitea”. Honela, iragan abenduan onartu zen enpleguaren legeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eraldatzeak edo abiatu diren heziketa eta enplegu-berrikuntzako programa ezberdinek aipatu erronkei erantzutea dute xede.
Ekonomiaz aldizkariaren ale honek jasotzen dituen artikuluek ere ezagueran eta hausnarketa akademikoan oinarritutako politika publikoak diseinatzen lagunduko dute. “Plangintza estrategikoko instrumentu berriak diseinatzeko garaian ekarpen hauek eta 2023an buruturiko Enpleguaren Liburu Zuria aintzat hartuko dira”, nabarmendu du Gurpeguik. Hori guztia, biztanle guztiek kalitatezko enplegu bat lor dezaten eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ehunaren lehiakortasuna sustatzeko.
Zortzi artikuluko monografikoa
Aurtengo lehen aleak zortzi artikulu ditu. Monografiko berezi bat da eta hamarkada honetako eraldaketa eta erronka handiek (demografikoa, teknologikoa eta klimatikoa) dagoeneko dakartzaten ondorioak eta eraginak azaldu nahi ditu. Ekonomiaz aldizkaria sei hilean behin argitaratzen da, 1985etik, nazioarteko proiekzioaz. Bere xedea da euskal ekonomian eragiten duten gaien inguruko ekonomia-analisia eta -eztabaida sustatzea eta, hasiera-hasieratik, egiturazko analisia eta egoeraren araberako hori uztartu ditu, ospe akademiko handiko ikerlari ezberdinen parte-hartzeari esker.
Ekonomiaz aldizkariko Erredakzio Kontseiluak aukeratzen dituen gaiak unean-unean eztabaida akademiko, politiko eta sozialaren erdigunean dauden horiek dira. Bere ezaugarriei esker, argitalpen hau erreferentziazko aldizkari bilakatu da arlo editorialean, ekonomia-zientziaren eskualdeko ikuspegiaren barruan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)