“Garrantzitsua al da osasun mentalaz mintzatzea? Zeintzuk dira buru osasunak dituen erronkak? Zer egin dezakegu guk?”. Halako gaien inguruan aritu gara Bizi Igorre Lagunkoia eta Arratia BHIko ikasleak adinarteko zineforumean.
Martxoaren 26an izan zen ekimena, eta adin desberdineko pertsonak elkartu ziren: 14-15 urteko 10 ikasle, 2 irakasle eta Bizi Igorre Lagunkoia-ko 8 jubilatu, Marakako teknikari baten gidaritzapean. Horretarako, aldez aurretik, talde bakoitzak, Ur Handitan programako «Buru Osasuna: Lehen eta orain» dokumentala ikusia zuten, eta bertan aipatutako gaien inguruan hausnartu zuten, jakintza, balio eta esperientziak elkar trukatuz.
Nagusiek "lehen ez zen gaiari buruz berbarik egiten, eta zorotzat hartzen zirela gaixotasun mentalak zituzten pertsonak" adierazi zuten. Gazteen esanetan, "gaia normalizatuago dago orain, baina oraindik estigma asko omen daude lotsagatik eta beldurragatik".
Barkardadea eta bazterkeria, erronka nagusia
Erronka nagusitzat identifikatu zuten pertsona hauek pairatzen duten bakardadea eta bazterkeria, eta irtenbide gisa profesionalen zein gizartearen laguntza iruditzen zaie beharrezkoa, adibidez, ikastetxean gaia lantzea.
Balorazio positiboa eta aurrera begirako pausoak
Saioan eroso sentitu ziren nork bere esperientzia eta iritziak partekatu ahal izateko; horregatik, saioaren balorazio orokorra oso positiboa izan zen. Mota honetako ekintzak, komunitatea indartzeaz gain, gai zailak gizarteratu eta hauen inguruko gogoetak partekatzeko tresna interesgarriak direla uste dute.
Igorren, 2016an Igorre Lagunkoia prozesua martxan jarri zenetik horrelako ekimenak egiten dira gutxienez urtean behin. Adinartekotasuna lantzeak ingurune lagunkoiak sortzen laguntzen duelako.