- 2023-2024 ikasturtean errefortzuko irakasleak kontratatzeko baliatuko dute dirulaguntza ikastetxe onuradunek
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, hezkuntza-konplexutasun berezia duten eta Lehen Hezkuntza edo DBH eskaintzen duten itunpeko 17 ikastetxeri zuzeneko dirulaguntzak ematea. Onartutako laguntzen batura 2.650.669,67 eurokoa da.
Laguntza hauen helburua da hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxeak indartzea, horretarako Lehen Hezkuntza eta DBHrako errefortzuko irakasle gehigarri bat izan dezaten lerro bakoitzeko, 2023-2024 ikasturtean. Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen arreta hobetzea, eta, horrela, hezkuntza-aukeretan ekitatea lortzen laguntzea da neurri honen azken xedea.
Hezkuntza-konplexutasunaren indize oso altua duten itunpeko ikastetxeak dira dirulaguntza hauen onuradun. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) kalkulaturiko indize horrek, ikastetxearen egoera aztertzen du bertan artatzen dituen ikasleak aintzat hartuta. Horretarako, besteak beste, honako adierazle hauek erabiltzen ditu indizeak: ikasleen ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa. Indize horixe bera erabiltzen da irakaskuntza-sare publikoan ere ikastetxeei errefortzurako baliabideak esleitzeko.
Ikastetxe itunduetan irakasleak kontratatzera bideratutako zenbatekoaren kalkulua, bai Lehen Hezkuntzarako bai DBHrako, etapa bakoitzerako indarrean dauden modulu ekonomikoen zenbatekoaren arabera egin da.
Ekitatea
Laguntza hauen bidez, Hezkuntza Sailak konpromiso irmoa erakusten du gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik zaurgarritasun egoera argian dauden ikasleen portzentaje handia hartzen duten –eta funts publikoekin sostengatzen diren- ikastetxe guztiei laguntzeko. Ikastetxe horiek indartu nahi dira, ikasle kalteberen eskola-emaitzak hobetzera eta ikastetxean jarraitzen duten ikasleen ehunekoa handitzera bideratutako jarduerak babestuz.
Hezkuntza-sistema ekitatiboa da gizartean dauden desberdintasun sozioekonomikoak leuntzeko gai dena, ikasleei kalitatezko hezkuntza lortzeko aukera-berdintasuna eskainiz, beren errendimendu akademikoa ahaleginaren eta gaitasunaren araberakoa izan dadin, edozein dela ere ikasleen jatorrizko herrialdea, sexua eta testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala. Euskal Hezkuntza Sistemak ekitatearen aldeko bere apustua berresten du, baldintza berdinetan egiten den eskolatze zabal baten bidez, bai eta jatorrizko desberdintasunak konpentsatzeko eta eskola-porrota eta eskola-uztea minimizatzeko neurriak hartuz ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)