Hezkuntza Sailak, TKNIKA Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroaren bitartez, eta Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Lanbide Heziketako irakasleei zuzendutako Ekonomia Zirkularraren I. Foroa antolatu dute.
TKNIKA Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroak, Ihoberekin lankidetzan, 2024ko Irakasleen Foroaren lehen edizioa egin du jardunaldi honetan: Ekonomia Zirkularra. Ekitaldia TKNIKAko Euskal Herria Aretoan egin da, eta prestakuntzako profesionalak eta jasangarritasuneko adituak bildu ditu, eredu ekonomiko zirkularrago baterako trantsizioak dituen erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko.
Ekonomia zirkularra lehentasun estrategikoa da Euskadirentzat, deskarbonizazioaren eta jasangarritasunaren helburuekin bat datorrena. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da paradigma horretara bideratutako konpetentzien jabe izango diren etorkizuneko profesionalak prestatzea. Irakasleen Foroak ezagutzak trukatzeko gune dinamiko gisa ezarri nahi du bere burua, enpresen beharrak Lanbide Heziketako zentroek eskaintzen duten trebakuntzarekin lotzeko.
Ikuspegi estrategikoa duen foroa
Jardunaldiari hasiera emateko, Ihoberen Zaintza Estrategikoaren Txostenaren aurkikuntza nagusiak aurkeztu dira. Dokumentu honek Euskadiko ekonomia zirkularra bizkortzeko araugintzako eta merkatuko palanka garrantzitsuenak identifikatzen ditu, eta 2025erako lehentasunezko hamar jarduera-gako nabarmentzen ditu.
Foroak ikuspegi praktikoa emateko balio izan du, joera horiek enpresaren eta prestakuntzaren eremuan nola eragiten duten ikusteko, eta tresnak eskaini dizkie irakasleei beren irakaskuntza lan-merkatu emergentearen eskakizunetara egokitzeko.
Ekitaldiaren puntu nabarmenetako bat TKNIKAk eta LHko ikastetxeek gidatutako esperientzia berritzaileen aurkezpena izan da. Ekimen horiek erakutsi dute nola integratu modu eraginkorrean ekonomia zirkularrarekin lotutako konpetentziak prestakuntza-programetan.
Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egin dute ikastetxeetako ordezkariek eta TKNIKAko jasangarritasuneko adituek.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, 2024ko Irakasleen Foroa “Euskadiko hezkuntzaren eta jasangarritasunaren esparruan etorkizuneko belaunaldiak prestatzea da, aitzindari izan daitezen ekonomia jasangarriago eta eraginkorrago baterako aldaketan”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)