Diabetesaren Mundu Eguna – azaroaren 14a
- Hiru hamarkadatan egindako azterlanak erakusten duenez, haurren artean 1. motako diabetesaren baheketak konplikazioak murriztu ditzake, ospitaleratzeak gutxitu eta gaixotasunaren progresioa kontrolatu
- Diabetesak 162.000 euskal herritarri baino gehiagori eragiten die: 2 motako diabetesa dira kasuen % 89 eta dietarekin eta ariketarekin kontrola daitezke; 9.000 pertsona inguruk 1 motako diabetesa dute, intsulina behar dute, pankreak ez baitu sortzen
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hiru hamarkadaz parte hartu du 1 motako diabetesa duten pazienteen lehen mailako senideen artean gaixotasun hori goiz detektatzeko azterketa batean. Azteketa honek erakusten duenez, haurren artean 1 motako diabetesa goiz detektatzeko estrategiak abian jartzeak nabarmen murriztu dezake zetoazidosi diabetikoa (konplikazio larri horrek kasuen % 30-50i eragiten die debut klinikoan, eta bizi-arrisku larria dakar). Horrez gain, jarraipen protokolizatuari esker, estrategia horrek ospitaleratzeak murriztu ditzake; diabetesa duen bizitzarako trantsizioa erraztu eta inpaktu fisikoa eta psikologikoa murriztu ditzake; eta gaixotasunaren progresioaren kontrola erraztu dezake. Osakidetzak 1 motako diabatesa (DT1) duten 640 haur inguru artatzen ditu, pankrean intsulina ez sortzeak eragindako gaixotasuna.
Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, urtero azaroaren 14an ospatzen den Diabetesaren Mundu Egunaren atarian. Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin batera, Estatuko beste bost hopitalek ere parte hartu dute azterketa honetan, non 3.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu duten 30 urtez.
1 motako diabetesa gaixotasun autoimmunea da, agerpen klinikoa baino hilabete batzuk lehenago edo urte batzuk lehenago garatzen hasten dena. Hala ere, patologia hori goiz detekta daiteke. Horretarako, hatzean ziztada bat egin eta gaixotasuna fase goiztiarretan identifikatzea ahalbidetzen duen analisia egiten da. Horri esker, tratamendu goiztiarragoa aplika daiteke, eta pronostiko hobea eta bizi-kalitate hobea eskaini.
Osasun Saila Euskadin 1. motako diabetesa goiz detektatzeko programa baten eraginkortasunaren ebaluazioa egiten ari da, programa horren inpaktua zein izango litzatekeen ezagut dadin eta herritarren artean ezartzeko gomendioak finka daitezen. Gaixotasun horren inguruko jarduketak, hala nola aipatutako baheketa, Osasun Sailak diseinatuko duen Diabetesaren Arreta Integralerako Planaren barruan sartuko dira.
DIABETESA EUSKADIN
Diabetesa gaixotasun kronikoa da, eta 162.000 euskal herritarri baino gehiagori eragiten die; horietatik % 55 gizonak dira eta % 45 emakumeak.
Osakidetzak identifikatutako 162.601 paziente diabetesdunetatik, kasuen % 89k (144.348 pertsona) 2. motako diabetesa dute, eta batez ere adineko pertsonak dira. Diabetes hori dietarekin eta ariketarekin kontrola daiteke. Euskal Osasun Zerbitzuak beste diabetes mota batzuk ere baditu bere radarrean. Horien artean, 1. motako diabetesa nabarmentzen da (9.155 pertsona). Paziente horiek intsulina behar dute, pankreak ez baitu intsulina sortzen.
Datuak lurralde historikoen arabera aztertuz gero, Araban diabetesa duten 22.046 pertsona daude, Bizkaian 86.302 eta Gipuzkoan 53.942; bestalde, 271 pertsona beste jatorri batzuetakoak dira.
Diabetesaren Mundu Egunean, Osasun Sailak eta Osakidetzak odolean den azukre-maila etengabe kontrolatzearen garrantzia nabarmendu dute, konplikazioak saihestu daitezen. Gainera, diabetesaren aurkako borrokan, “funtsezko” irizten zaio ohitura osasungarrien bidezko prebentzioari. Pertsonak bere elikadura, pisua, jarduera fisikoa, higienea, tratamendu farmakologikoaren administrazioa eta aldaketa zaindu behar ditu, eta egoera txarretan jardun behar du (hipogluzemiak, hipergluzemiak, gaixotasun interkurrenteak...). Era berean, heziketa diabetesean ere funtsezkoa da, norberak gaixotasunaren eguneroko kontrola bere gain hartu ahal izan dezan eta bere eguneroko bizitzan gaixotasunaren autokontrola integra dezan. Horretarako, gure osasun-profesionalekin hitz egin dezakegu, eta informazioa kontsultatu Osasun Eskolan herritarrentzako informazio- eta prestakuntza-atarian:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/diabetesa-paziente-kronikoa/webosk00-oskenf/eu/
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)