Gobernu Kontseiluak Baso Suteen Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezi berria onartu du (Gobernu Bilera 2024-12-17)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg
  • Baso-eremuan sua pizteko eragina izan dezaketen aldagai guztiak jasotzen ditu dokumentuak, bai eta sua arintzen lagun dezaketen neurri operatiboak ere.

Gobernu Kontseiluak Baso Suteen Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezi berria onartu du. Ekimen hori Planaren hirugarren eguneratzea da eta 1998an sartu zen indarrean, eta EAEko foru-aldundien eta Euskadiko Babes Zibileko Batzordearen aldez aurreko akordioa du. Dokumentu horrek baso-suteak pizten lagun dezaketen aldagai guztiak jasotzen ditu, baita horiek arintzeko neurri egokienak ere.

Eguneratze berriak hainbat arrazoiri erantzuten die, eta horien artean nabarmentzekoak dira abuztuaren 1eko 15/2022 Errege Lege Dekretuak, baso-suteen arloan premiazko neurriak hartzekoak, ekarritako arau-berritasunak, berehala aplikatzeko neurri eta debeku batzuk ezarriz baso-suteen arrisku meteorologikoa oso handia edo muturrekoa denean.

Planaren berrikuspen honek, gainera, kontuan hartzen ditu foru-aldundiek baso-suteei aurre egiteko beren jarduera-planei buruz egindako eguneratzeak, eta planaren eraginkortasunean sartzen ditu, bereziki Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziak baso-suteengatik emandako alerta-egoerei eta alarma meteorologikoari dagokienez, landa-eremuko, ingurune landatarreko eta urbanizaezineko erabilera eta jarduketa jakin batzuetarako prebentzioz ezarri behar diren murrizketak eta debekuak, aurreko bi urteetako esperientzia ere kontuan hartuta, modu positiboan baloratu baita.

Plana Euskadiko Babes Zibileko Planean (LABI) egin berri diren eguneratzeetara egokitzen da, baso-suteei buruzko foru-plan berriak gehitzen ditu, eta bere helburua da titulartasun publikoko bitartekoen eta baliabideen erantzunaren eta jarduteko prozeduren antolamendu orokorra ezartzea, bai eta beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuen mendekoak diren baliabideena ere.

Azken batean, Planaren eguneratzea, funtsean, Euskadin mota horretako suteen aurkako borrokari buruz eskuratutako ezagutza berrietan oinarritzen da, gure lurraldean dagoen arriskuaren azterketa berri bat egiten du eta gai horri buruzko araudi autonomiko eta estatal berrietara egokitzen da.

Horri dagokionez, aipatu behar da EAEko lurraldean baso-suteen arriskua murriztu egin dela mendietako foru-zerbitzuek eta suteak itzaltzeko zerbitzuek egindako kudeaketa onaren ondorioz.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)